Atzo hasi zen Euskaraldia. Lehen hitza euskaraz egitea, euskara ulertzen duen ororekin euskarari eustea eta elkarrizketa elebidunak sustatzea zein hizkuntza ohiturei erreparatzea proposatzen du ariketak aurten ere.
Harrera ona Euskaraldiari
Ekimenak harrera ona izan du Elgetan eta pozik dira herriko Euskaraldia batzordean. Aurreko asteburuan hiru egunez ipini zuten mahaia kalean eta herritar asko pasa ziren bertatik txapa jasotzera zein izena ematera. "Gure hasierako aurreikuspenak gainditu egin dira. Ahobizi txapa gehiago eskatu behar izan ditugu", azaldu dute.
Atzo goizean 244 elgetar zeuden Euskaraldian izena emanda; 215 ahobizi eta 28 belarriprest. Lehenengo Euskaraldiak izan du orain arteko erantzunik handiena "300 elgetarrek eman zuten izena 2018an. 2020an, 200 izan ginen; eta 2022an, 150. Beti nahi dugu gehiago baina aurtengoak ez dira datu txarrak. Orain egin beharrekoa da ariketa ondo egitea", esan dute.
Hika Euskaraldiak interesa piztu du Elgetan. "153 lagunek esan diote baietz hitanoarekin lotutako proposamenari; izena eman dutenen %62,7ak. H letra eramango dute txapa askok herrian egunotan".
Txapak daude oraindik ere jasotzeko. Udal liburutegia da horretarako puntu ofiziala Elgetan, baina gaur eta bihar berriz egongo da Euskaraldiaren mahaia kalean.
Herrian, bestetik, hamabost entitatek eman dute izena Euskaraldian: Amantalak talde feministak, Bea dendak, Cie Recyde-ko LABek, Elgetako gazte asanbladak, Goibeko euskaltzaleen mugimenduak, haurreskolak, herri eskolak, liburutegiak, Udalak, Elkoro botikak, Goiko-etxe harategiak, Haizea tabernak, Janela tabernak, Ozkarbi elkarteak eta Saioa Masajiak-ek.
Gaur kalejira gurpil gainean
Euskaraldia martxan dela iragarri eta gogora ekartzeko kalejira bat egitera deitu dituzte herritarrak Euskaraldia batzordetik. "Gurpil gaineko kalejira izango da. Berdin dio zein ibilgailu: bizikleta, patinetea, patina... Plazan elkartuko gara 19:00etan eta Domingo Iturbe kale amaierako biribilgunera egingo dugu denok batera. Handik bueltan Salbador kalea igo eta jaitsiko dugu". Zarata ateratzeko tresnak hartzeko eskaera egin dute batzordetik; txilibituak, esaterako.
Aste bukaerako ekitaldiak
Udalak antolatutako Antton Telleriaren Ninini bakarrizketa saioa eta Elgetan kantuan eta dantzan izango dira Euskaraldiarekin lotutako aste bukaerako bi ekitaldiak. Telleriak kafe antzokian egingo duen bakarrizketa ikusteko sarrera asko saldu dira baina gelditzen dira oraindik bateren batzuk. Elgetan kantuan eta dantzan domekan izango da 13:00etan eta herriko abesbatzaren zein dantzak ikasteko herrian elkartu den talde baten gidaritzapean egingo da. Parte hartzera gonbidatuta daude herritarrak.
Hurrengo asteari dagokionean, LHko umeei zuzendutako Frontenis Txiki Eguna hilaren 24an izango da, 16:00etan hasita, frontoian.
Euskaltzaleen Eguna
Euskaraldiaren azken aurreko egunerako iragarri du Goibekok Euskaltzaleen Eguna. Goiko kale-Beheko kale herri olinpiadak (10:30), Euskararen soka (13:00), sagardotegi menua duen bazkaria (14:30) eta Gari&Maldanbera taldearen kontzertua (19:30) daude iragarrita. Herri olinpiadetako izen-ematea Janelan egin behar da eta bazkarirako txartelak ere bertan daude salgai 37 eta 15 eurotan.