Elgetan garraio publikoa hobetzeko hainbat proposamen egin dituzte jeltzaleek

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko api. 11a, 08:30

Amaia Erostarbe, Marijo Etxegoien eta Iker Laka jeltzaleak Oñatin egindako aurkezpenean.

Maiztasun handiagoa, ospitalearekin zuzeneko konexioa eta Bizkaibusekin Elorriorako lotura aukerak aztertzeko eskatu diote, besteak beste, Diputazioari.

EAJ-PNVk berriki aurkeztu du Debagoienako garraio publikoa hobetzeko proposamen integrala izeneko txostena, eta Elgetarako hainbat hobekuntza-proposamen jasotzen dituela azaldu du Iker Laka buru duen udal taldeak.

Bergara-Eskoriatza linea Elgetaraino luzatzea

Bergaratik joan-etorria egiteko berariazko DG20E linea edukitzea baino zentzu handiagoa ikusten diote ordu jakin batzuetan Bergara-Eskoriatza DG10 linea Elgetaraino luzatzeari. "Jakina, egungoak baino maiztasun handiagoa ziurtatuz eta linea hori gutxienez Elgetan ordubetean behin hastea eta amaitzea", azaldu du Elgetako bozeramaile Iker Lakak. "Horrela Elgetak bermatuta izango luke lotura eskualdeko herrigune nagusiekin –Bergaratik Eskoriatzaraino–, eta, aldi berean, hain azpiegitura inportantea den ospitalearekin". Horrekin batera asteburuetan, gutxienez, bi orduko maiztasuna planteatzen dute jeltzaleek.

Proposatzen dituzten alternatiben artean honako hau ere azpimarratzen dute: "Bergara eta Zumarraga arteko DG03 linea Beasainera eta Arrasatera ez zabaltzea erabakiko balitz, beste konponbideetako bat izan daiteke DG10 linearen irteerak eta iritsierak 30-40 minuturo eta modu txandakatuan Antzuolatik eta Elgetatik egitea. Antzuolarrei ere zerbitzu bera edukitzea bermatuko lieke".

Esleipen lehiaketa berria

Debagoieneko lineak esleitzeko lehiaketa berriari begira, Gipuzkoako Foru Aldundiari jeltzaleek helarazi dioten txostenak DO03 linearen balorazio baikorra egiten du: "Izan ere, lineak Donostia eta Bilbo lotzen ditu berez, Gipuzkoa barnealdeko herri txiki askori bi hiriburu horiekin konektatzeko aukera emanez".

Bizkaiarekin lotura

Bizkaiko Foru Aldundiarekin berba egitearen alde ere agertu da alderdi jeltzalea "Bizkaibusen bidez Elorrio eta Elgeta lotzeko egon daitezkeen aukerak aztertze aldera".

Eibarrerako garraioa

Eibarrerako garraio publikoko lineari dagokionez, EAJ-PNVk adierazi du "funtzionamendu egokia eta maiztasun nahikoak" dituela "hobekuntzak beti egin daitezkeen arren".

Puntualtasuna eta garbitasuna

Azkenik, jeltzaleek txostenean azpimarratu dute oro har eskualdeko zerbitzuen puntualtasuna "areagotzeko" neurriak hartu behar direla, eta gogora ekarri dute udalek autobus geltokien irisgarritasun unibertsala eta garbiketa nahiz mantentze-lanak bermatzeko duten "betebeharra".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak