Zazpi jaitsiera izango ditu aurten Piñu-koku enduro martxak; tartean zati berriekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko api. 14a, 09:00

Iazko Piñu-koku enduro martxa.

Beste urtez batez enduro-zaleen topaleku izango da Elgeta Pazko Asteko zapatuan –apirilak 26–. Piñu-koku taldeko kideek buru-belarri dihardute V. enduro martxa prestatzen. 25 kilometro eta 1.300 metroko desnibela izango ditu; horien artean, zati berriak.

Probak bost urte beteko ditu aurten. "Ez gaude horri begira, baina badira urte batzuk hasi ginela eta oraingoz ilusioa mantentzen dugu. Jendea gustura dator eta urtean behin halako bat antolatzea egin beharreko zerbait dela uste dugu", esan du Piñu-koku elkarteko Etor Garatek.

Iaz eguraldia lagun izan zuten eta 180 parte-hartzaile elkartu ziren. Inoizko Piñu-koku martxarik jendetsuena izan zen. Aurtengorako ze aurreikuspen duten galdetuta honakoa dio Garatek: "100 eta 160 lagun artean. Badakigu gure inguruko lagun asko etorriko direla eta horiek badira ehun bat. Gure zalantza da zenbat jende gehiago animatuko den, eta horretan eguraldiak eragin handia izango du. Oraingoz, dena den, jende gutxi dago izena emanda".

Sorpresaz beteriko zazpi jaitsierako ibilbidea

Intxorta, aurten, ibilbidetik kanpo utzi dute. Hala, Goikomendi, Karabieta eta Azkonabieta zapalduko ditu V. enduro martxak. Irteera 09:00etan izango da. "Plazatik abiatuko gara. Zazpi bat jaitsiera izango dira eta zati berriak egongo dira”,  azaldu du Garatek. Gaztetxe aurreko lautadan amaituko da ibilbidea.

Urtero moduan, bizikletak garbitzeko mangerak zein pilotuendako dutxak egongo dira Elgetako kiroldegian, eta martxa amaitutakoan txitxi-burduntzia eta edatekoak izango dira parte-hartzaileendako. Pumptrack saioa ere iragarri dute.

Antolatzaileek aurreikusten dute pilotu azkarrenak 11:30ak bueltan helduko direla helmugara. 13:00ak arteko epea izango dute gainerakoek.

Zirkuitu bakarra da, baina beti dago laburtzeko aukera. "Ibilbidea laburtu nahi izanez gero Karabietatik Elgetara jaistea da erosoena".

Izen-ematea zabalik da

Kirolprobak.com atarian zabalik da dagoeneko izen-ematea. Prezioak dira 20 euro federatuendako eta 25 euro ez federatuendako. Egunean bertan izena emateko aukera ere emango dute antolatzaileek. Prezioa izango da 30 euro.

12-16 urte arteko gazteendako lekua ere izango da aurtengo Piñu-koku enduro martxan. "Egunean bertan bakarrik eman ahalko dute izena gazteek, eta gurasoek sinatutako baimena beharko dute. Doan izango dute izen-ematea".

Kasu batean zein bestean izen-ematea antolatzaileek eskatu dute izen-ematea azken egunera arte ez uzteko. "Amaierako txitxi-burduntzia ondo kalkulatzeko komeni zaigu jakitea zenbat jende etorriko den gutxi gorabehera”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak