Mugikortasun premiak identifikatzeko lanketa abiarazi dute Elgetan ere

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko mar. 28a, 09:30

Mugikortasunaren gaineko batzar irekia, joan den eguenean.

Elgetarren mugikortasun ohiturak identifikatzeko eta hobetzeko helburuarekin, parte hartze saioa egin zuten joan den eguenean Espaloian. Hamazazpi herritarrek hartu zuten parte. Bergararako garraio zerbitzuan identifikatu zituzten gabezia handienak.

Elgetarron mugikortasuna. Zein da gure errealitatea? izenburupean deitutako saioa izan zen, eta galdera hori erantzuteko eskatu zitzaien parte-hartzaileei. Debagoiena 2030 garapen iraunkorrerako sareak Elgetako Udalarekin elkarlanean antolatuta, Ingartek Consulting enpresako Sergio Barreñak gidatu zuen saioa. Beste bat egingo dela azaldu zuen; izan ere, identifikatutako premietarako irtenbideak proposatzea da lanketaren helburua. Debagoieneko bost herri txikienetan –Eskoriatza, Antzuola, Aramaio, Elgeta eta Leintz Gatzaga– egingo dituzte antzerako saioak.

Auto partikularra, "ezinbestekoa"

Elgetako mugikortasun ohituretara etorrita, egueneko saioko parte-hartzaileek esan zuten auto partikularra erabiltzen dutela joan-etorri gehienak egiteko. Orokorrean, ondo baloratu zuten Eibarrerako garraio zerbitzu publikoa, baina esan zuten Elorriorako zerbitzurik ia ez zegoela, eta Arrasateko ospitalerako zerbitzu zuzenik ez egotea muga handia dela. 

Gabeziak Bergararako loturan

Horrekin batera, saiora joandako herritarrek Elgeta eta Bergara artean dagoen garraio zerbitzu publikoan identifikatu zituzten hobetu beharreko gabezia larrienak; izan ere, askok bertara egiten dute joan-etorri kopuru handiena. Esan zuten, besteak beste, autobusak oso zahartuta daudela. "Itoginak dituzte", "ondo zabaltzen eta ixten ez diren ateak eta leihoak dituzte", "zarata arraroak entzuten dira" eta "aldapan gora igotzeko zailtasunak dituzten ibilgailuak dira"; halakoak entzun ziren. 

Bestetik, bai goizean bai arratsaldean zerbitzurik gabeko ordu tarte luzeak daudela azpimarratu zuten: "Autobusean jaitsi zaitezke, baina gero, luze itxaron behar duzu bueltan igotzeko".

Esan zuten, baita ere, eskariko zerbitzuak duela urte batzuk baino hobeto funtzionatzen duela orain, baina ulergaitza dela zergatik ezin duen zerbitzu horietako bat eman behar duen autobus batera igo eskaera egin ez duen bidaiari batek. Aste bukaeretan gaueko batere zerbitzurik ez egotearekin ere kexu ziren herritarrak. 

Bergarako institutuan ikasten duten batxilergoko ikasleen egoera ere plazaratu zuten: "Jaisteko badute autobusa, baina igotzeko autostop egiten dute askok, itxaron beharreko tartea 30 minutukoa delako". Ikasturte honetan, gainera, Hedatze programa sartu da indarrean ikastetxean, eta 16:00etan amaitzen duten ikasleek ez dute Elgetarako autobus zerbitzurik 18:20ak arte. 

Bestelako irtenbideak

Joan-etorriak bizikletan egitea, autoak partekatzea, erosketak herrian bertan egitea eta halako alternatibak aztergai izan zituzten saioan.

Bizikletaren erabilerari dagokionez, Elgetara heltzeko bidean gora egin beharra eta bizikletendako bide egoki falta eragozpen moduan aurkeztu zituzten parte-hartzaileek. Autoa partekatzeari dagokionez, ahal dutenean egiten dutela esan zuten, baina aplikazio bat lagungarri izan zitekeela esan zuten.

Bigarren saioaren zain

Herritarrekin egindako saioan jasotakoak aztertuko dituzte orain Ingartek enpresako adituek, eta beste saio bat deituko dute ondorioak aurkezteko.   

Azterketa egoki egiteko erabilera-datuak zeintzuk diren ezagutzea falta dela esan zuen herritar batek, eta datu horiek eskatzeko konpromisoa hartu zuen Ingartek Consulting enpresako Sergio Barreñak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak