"Faxismoaren kontra, aliantza feministak" aldarrikatuko dituzte Elgetan M8ko mobilizazioan

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko mar. 7a, 09:00

Iazko Martxoaren 8an Mendizaleen plazan egindako elkarretaratzea.

'Faxismoaren kontra, aliantza feministak borrokan' lelopean egingo dute Martxoaren 8ko mobilizazioa, bihar, Elgetan. Zumba saioa ere egongo da aurretik. gaur, berriz, lau emakumeren bizipenetan oinarritutako ipuin saioa izango da liburutegian.

Liburutegiak antolatutako ipuin kontalaritza saio batekin emango zaie gaur hasiera Martxoaren 8ko Elgetako ekintzei. Ameli izen artistikoarekin ezaguna den Amaia Elizagoien Varela oronoztarrak egingo du saioa, 18:30ean. Euskal Herrira bizitzera etorritako hiru emakume migratzaileren eta bertan sortu den emakume baten istorioak ekarriko ditu Elizagoienek. "Bizi-esperientziak dira, gure ikuspuntua aldatuko duten gertaerak", aurreratu du. Helduendako saioa da; 16 bat urtetik gorakoendako.

Zumba saioa eta manifestazioa

Biharko, Martxoak 8, zumba saioa eta manifestazio iragarri dituzte Amantalak talde feministako kideek eta Udalak. Zumba saioa 11:30ean hasiko da, plazan, eta ordubete iraungo du. Herriko emakume zein neska gazteei bereziki zuzenduta dago, eta Ibone Ramos elgetarrak gidatuko du. Arropa erosoa eta ura eramateko gomendatu dute antolatzaileek. Jakinarazi dute eguraldi txarra bada kiroldegira lekualdatuko dutela saioa. Horrelakorik baldin bada, Amantalak talde feministaren sare sozialetan jakinaraziko dute.

Ondoren, manifestazioa dago deituta 13:00etarako. Faxismoan kontra, aliantza feministak borrokan lelopean deitu dute mobilizazioa. Herriko plazan emango diote hasiera elkarretaratzeari, eta, jarraian, manifestazioa egingo dute. Ibilbidea honako hau izango da: Salbador kaletik igo, Berraondokuatik jaitsi, Domingo Iturbe kalea zeharkatu, San Roke kaletik jaitsi eta herriko plazan amaitu.

Antolatzaileek ekitaldietan parte hartzeko dei egin diete elgetar guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak