Konexioa egiteko prest dago Ixotzen kooperatibak 99 eguzki-plakarekin frontoiko teilatuan osatu duen instalazio fotovoltaikoa. Udalak teilatuan geruza iragazgaitz bat gehitzeko lanak egin ostean jarri dute, eta Udalarena den instalazio fotovoltaikoaren alboan dago. Ixotzen kooperatibak 46 kWp-ko instalazioa egin du eta aurreikusita dago 48 kontagailu konektatzea hara. "Bazkideek egin dituzte diru-ekarpenak eta sinatu dute autokontsumo partekatuko kontratua", azaldu du Ixotzen kooperatibako Enaitz Ezpeletak. "Iberdrolaren azken oniritziaren zain gaude. Instalazioan azken doikuntza bat egin behar da, baina haiek eguna zehazten dutenean. Eskatu diguten dokumentazio guztia bidalita dago".
Ixotzen kooperatiban ez dakite azken baimen hori noiz helduko den. Inguruko energia-komunitateekin harremanetan daude, eta esperientziak askotarikoak izan dira. Argi dutena da azken urratsetan daudela: "Dakiguna da baimen hori heltzen denean urrats gehiago egin beharko ditugula. Lehenengoa izango da kontratuak aldatzea, kontsumo partekatua onar diezaguten. Bazkide bakoitzak egin beharko du, baina modu koordinatuan egiten ahaleginduko gara".
250 Wp-ko paketeak eskaini dituzte, eta guztiak daude banatuta. Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) onartutako dirulaguntza bati esker, hasiera batean aurreikusitako inbertsioaren erdia egin behar izan dute bazkideek. "Itxarotea tokatzen da orain", esan du Ezpeletak.
Teilatu berriak aztertzen
Ixotzen kooperatiban, ordea, ez daude geldirik: "Balizko beste teilatu batzuen azterketa egiten ari gara. Nahiko genuke bigarren proiektu bat erdi garatuta eduki, dirulaguntza publiko berririk sortuz gero prest egoteko". Dena den, etorkizuna lotuta egongo da Udala lantzen ari den Energia Planari. "Elkarlanean ari gara, Udalaren Energia Plana lantzearekin batera landu daitekeelako Herriko Energia Plana ere. Lagunduko digu argitzen ea komeni den instalazio fotovoltaikoak egiten jarraitzea edo hobeto den beste mota bateko proiektuak bultzatzea... Aztertzeko dago".
Bi urteko ibilbidea
Bi urte pasatxo dira Ixotzen sortzeko lehen batzarrak egin zirela Elgetan. "Prozesu honetan asko ikasi dugu; bai kooperatiba baten kudeaketari buruz, bai energia kontsumoarekin lotutako gaiei buruz", azaldu du Ezpeletak. Berriki izan dira, esaterako, Aramaion egindako hitzaldi batean. "Energia-komunitatea sortu nahi dute, eta gure esperientziaren berri ematera joateko eskatu ziguten. Egia esan, harreman estua dugu inguruko proiektuekin, eta horretan pisu handia du D2030ek sortutako Energia Puntuak".
Bestelako proiektuak
Urteko azken batzar orokorrean, Ixotzeneko kideek minieolikoen azterketa, mugikortasunarekin lotutako azterketa eta propanoarekiko dependentzia murrizteko proiektua nabarmendu zituzten. "Minieolikoen azterketaren emaitzak jaso ditugu, eta ondorioa da ez dela ekonomikoki bideragarria. Mugikortasunarekin lotutako azterketari dagokionez, D2030 egitasmoak egingo du, eta ez dugu, azkenean, parte-hartze zuzenik izango".
Propanoarekiko dependentzia jaisteko proiektuan dihardute Ixotzenen: "Bi bizikidetza-komunitatetako azterketak egin genituen hasieran, baina hirugarren batena egitea ere erabaki dugu. Aste honetan jasoko ditugu emaitzak. Ikusiko dugu zein datu ematen dizkiguten".