Kokoen konpartsak iragarri zuen Aratustea aurreko zapatuan. Baserriz baserri ibili ziren eta herriko periferian dauden etxeetara eta baserrietara eraman zuten festa giroa. Orain, bestelako mozorroek hartuko dute protagonismoa, eta eskolako umeen kalejirak emango dio hasiera Aratusteari.
Eskolako zuzendaritzak jakinarazi du 15:00etan abiatuko dela kalez kaleko desfilea, eskolatik. Mozorrotuta egingo dute ibilbidea neska-mutikoek, eta plazan amaituko dute. Behin plazan, aurreko egunetan prestatutako dantzak egingo dituzte, taldeka, senitartekoen eta lagunen aurrean.
Txokolate-jana eta disko-festa
Maala guraso elkarteak eta Udalak bat egin dute ospakizunarekin. Guraso elkarteak txokolate-jana iragarri du 16:30erako eta Udalak Ttiki Ttaka irratia disko-festa 17:00etarako. Biak egingo dira plazan –eguraldi txarra bada, frontoian–. Eta adi; izan ere, mozorro txikiek hasiko dute festa, baina ilundutakoan handiagoak joango dira agertzen.