Mari Carmen Etxebarria: "Ez nekien ni izan nintzenik Elgetan zinegotzi kargua hartzen lehen emakumea"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko ots. 10a, 10:00

Elgetan 1983an hartu zuen zinegotzi kargua lehen aldiz emakume batek. Mari Carmen Etxebarria izan zen. Ordutik hona, 26 emakume izan dira udalbatzan.

Mari Carmen Etxebarriak (Elgeta, 1944) bi agintaldi egin zituen Elgetako udal zinegotzi: 1983-1987 eta 1987-1991. EAJko ordezkaria izan zen. Ez zekien Elgetako lehen emakume zinegotzia izan zenik. Elgetako gobernantza liburua kaleratu dutenean ohartu da.

Garrantzirik eman zitzaion zinegotzi kargua hartzen zuen lehen emakumea izateari?

Denbora asko pasa da eta ez naiz ondo gogoratzen, baina esango nuke ezetz. Ni neu ere ez nintzen jabetu. Liburua atera den arte ez dut jakin.

Gogoratzen duzu nondik heldu zitzaizun proposamena?

Esango nuke Bergarako batzokitik helduko zitzaidala. Lehen agintaldiko taldekideak izan ziren Juan Mari Azkarate eta Javier Arantzeta, eta bigarrenean Maria Jesus Lete. Kargu-hartze ekitaldirik egin ote zen ere zalantza dut. Ez dut gogoan. Sartu eta lanera izaten zen orduan.

Bi agintaldietan Patxi Basauri izan zen alkate, Elgetako Kandidatura Independente izeneko hautagaitzarekin.

Bai, eta gogoan dut nola goiz batean dei bat jaso nuen Gasteiztik. 09:00 inguru ziren eta tailerrean nengoen lanean. EAJ-tik deitu zuten eta nahi zuten Patxi Basauri 12:00etarako Eusko Jaurlaritzan egotea, Ardanza lehendakariarekin bilera bat egiteko. Berehala joan zen, baina ez genuen ondoren inoiz gaiari buruz hitz egin. Ez dakit bilera hartan zer esan zioten, baina hurrengo udal hauteskundeetan EAJren zerrendan joan zen, eta Elgetako Kandidatura Independentea desegin egin zen.

Urte haietan zein gai nagusi izan zenituzten mahai gainean?

Ni, gehienbat, hezkuntza kontuez arduratu nintzen. Eskola berria egiteko proiektua dut, bereziki, gogoan. Gure etxe aurrean egin zen, eta gora eta behera ibili ginen. Gero, haserretu ere egin ginen; izan ere, altxatu zuten eraikina ez zen guri hasiera batean aurkeztutako proiektuan zetorrena. Baina horiek beste kontu batzuk dira.

Zer zegoen eskola dagoen lekuan?

Ermita eta moja-etxea, eta herrian bi ikastetxe: ikastola eta eskola nazionala. Ikastolako umeek Domingo Iturbe eraikinean ikasten zuten, eta eskolakoek, gaur egun botata dagoen eta aldamenean zegoen eraikin batean zein gerora gaztetxea izan den eraikinean. Beste garai batzuk ziren, eta gurasook lan handia egiten genuen; batez ere, ikastolakook. Dirua batzeko taberna zabaltzen zen, kontzertuak eta tonbola antolatzen ziren. Gogoan dut ikastolako garbiketa-lanak ere gurasook egiten genituela, txandaka. Behin, ahaztu egin zitzaidan txanda nuela, eta entzun behar izan nituenak ondo gogoan ditut. Jendeak oso serio hartzen zituen ardura horiek. Inplikazioa oso handia zen.

Noiz egiten zenituzten osoko bilkurak? Entzunda daukat oso luzeak izaten zirela.

Udaletxeko bilerak hasten ziren lan-jarduna amaitutakoan; izan ere, denok genuen gure lana. Bilerak berandu hasten ziren, luzeak izaten ziren eta oso berandu bukatzen ziren.

Eta zer-nolako lan giroa zegoen?

Ba, denetik. Batzuetan, ados egoten ginen; eta beste batzuetan, ez; eta saio gogorrak ere izaten genituen. Egoera politikoa ere ez zen erraza.

Ordurako, Maria Angeles Elkoro zegoen idazkari; beraz, gizonen artean bi emakume izango zineten.

[Barre] Hori da. Maria Angeles Elkorok beti hartu izan ditu gauzak trankil, eta eskerrak... Urte asko egin ditu, gainera, udal idazkari.

Zein hizkuntza erabiltzen zenuten?

Udaletxean gaztelera. Noizean behin irteten zen euskara, baina oso gutxitan. Beste garai batzuk ziren eta denak ginen gazteleraz ikasitakoak.

Lan askoko urteak izan ziren orduan?

Batera tokatu ziren lana Elkoronean, udal zinegotzi kargua, ikastolako idazkari-lanak eta Ozkarbi elkarteko junta. Egia esan, laguntza handia jaso nuen lantokiko nagusi Jose Mari Elkororengandik. Sasoi hartan, nik eramaten nituen ikastolako eta Ozkarbi elkarteko paper guztiak ere, baina animatu egiten ninduen horretara eta ez zuen oztoporik jartzen. "Egizu. Zu joan", esaten zidan, eta banuen atzera eta aurrera ibiltzeko lasaitasun hori. Gizon ona zen.

Ozkarbi elkarteko paperak ere zuk eramaten zenituen?

Bai. Elgetako abade Joaquin Gastesik hartu zuen elkarteko zuzendaritzaren ardura, eta sail asko zabaldu zituen: euskal dantzak, pilota, zeramika, mendi taldea, musika eskolak... Herritar asko sartu ziren batean zein bestean. Esango nuke herriko kultura mugimendua Ozkarbitik antolatzen zela, eta ez zen bereizten nor zen EAJkoa edo nor beste alderdi batekoa. Bazkide moduan zuzendaritzan sartzea tokatu zitzaidan, eta administrazio kontuak hartu nituen. Ozkarbin ere bilera asko egiten genituen, eta berandu. Akordatzen naiz sarri joan behar izaten nuela Donostiara, hainbat tramite tarteko. Hiriburuko bulego guztiak ezagutzen nituen.

Hartutako ardurak ez dira gutxi izan; non ikasitakoa zara?

Aitak garrantzi handia eman zien gure ikasketei. Enpresa genuen, eta administrari-lanak ikastera bidali ninduen Eibarrera. Hasieran, Leon Olabarriaren autobusean joaten nintzen, egunero, Armeria Eskolan ikasten zuten mutilekin batera, baina gidariak esan zion aitari ni barneko ikasle sartzeko. "Airean" etortzen omen nintzen mutil guztiekin. Eta, hala, moja frantsesak izenez ezagutzen zen kongregazio bateko eskolan ikasi nuen.

Hala ere, etxeko tailerrera beharrean, Elkoronera joan zinen lanera.

Tailer handiagoa zen, eta aita eta biak lagunak ziren. Elkoroneko lanak amaitu eta etxeko tailerrekoak egin behar izaten nituen. Gaztea zarenean, horretarako eta gehiagorako indarra duzu. Eta gizartea beste modu batekoa zen. Gogoan dut nola etortzen zen jendea agiriak makinaz pasatzeko eskatzera tailerrera. Elkarri laguntzen genion. Horrela zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak