Jon Maia: "Nire lanik pertsonalena da; Jon Maia da %100"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko urt. 31a, 12:00

Hamalau kantu eta poema bat ditu Jon Maiak (Urretxu, 1972) iaz kaleratutako Kantu berri bat gara disko-liburuak. Espaloian izango da gaur, 22.00etan. Sarrera 16,50 euro da.

Euskaldunak etengabe berritzen ari den kantu bat garela diozu; eskerrak, ezta?
Zalantzarik gabe. Kantu berri bat gara abiatzen da Bereterretxen khantoria izeneko zubererazko balada herrikoi batetik. Eta 600 urte geroago jarraitzen dugu euskaraz idazten eta abesten. Uste dut gure izatearen eta biziraupenaren inguruko metafora polita dela. Txikia izanagatik, gure herriak jakin izan du belaunaldiz belaunaldi eta mendez mende bere hizkuntza eta bere kultura mantentzen.

Sortu duzun lanik handienaren aurrean ei gaude; 80 kontzertutik gorako bira egin ostean, zalantzarik gelditu zaizu?
Nire lanik pertsonalena da. Jon Maia da %100, eta buruan nuen funtzioa sobran betetzen ari da. Helburua zen antzinatik datorren identitate baten eguneraketa eskaintzea emozioaren eta edertasunaren bidez. Asko eman dut, baina jaso ere izugarri pila jaso dut. Herri askotan izan gara eta denetan bukatu dugu kontzertua jendea zutik eta txaloka. Hiru aldiz bete dugu Victoria Eugenia. Kursaal, Arriaga eta Euskalduna ere bete egin ditugu. Ez dut sekula jasotzen ari naizenaren pare emango.

Gaur, mila biztanleko herri batera zatoz.
Bai, eta Kantu berri bat gara lanarekin indar berezia jarri dugu horretan. Uste dut herri txikietara ere iritsi egin behar dela. Jakinik antolatzaileen baliabideak mugatuagoak eta aurrekontuak txikiagoak direla, ahalegin berezia egiten ari gara gauzak errazteko. Garrantzitsua da herri txikietan ere kulturatik horrelako inpaktuak jasotzea. Ataunen eta Oionen moduan, Elgetan ere izango gara.

Zein bidelagun izango dituzu Elgetako kontzertuan?
Gustatzen zait gonbidatuak edukitzea. Elgetan ere egongo dira, baina ez zait gustatzen aurretik iragartzea. Konturatzen naiz Elgeta bezalako herri txiki batean jende guztiak jakingo duela zeinek atera behar duen oholtzara, baina nik ez dut esango.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak