Urrian hil zen 31 urtez Elgetako alkate izandako Patxi Basauri Elkoro eta hura omentzeko ekitaldia egin zuten atzo, egubakoitza, iluntzean Elgetako osoko bilkuren aretoan. Aintzane Oiarbidek eta Iker Lakak gidatuta ekitaldian, Basauri Elgetako alkate izan zen tartean, 1976tik 2007ra bitartean, Elgetak izandako bilakaera azpimarratu zuten, urte horietan egindako proiektuak eta bizitako pasarteak gogora ekarriz. Horien artean aipatu zuten, esaterako: haur eskolaren sorrera, Pagatza industrialdea gauzatzea, Espaloia antzokia martxan jartzea, frontoiaren berritzea, Ozkarbi elkartea zabaltzea edo gasa Elgetara ekartzea.
Basaurirekin batera udaletxean –gobernuan zein oposizioan– egondako taldekideak zeuden ekitaldira joandakoen artean, esaterako alkate izandako Oxel Erostarbe. Baita inguruko herrietako, Bergara edo Eibar, alderdikideak eta beste erakunde batzuetan egondako eta dauden hainbat jeltzale, tartean: Gipuzkoako Buru Batzarreko presidente ohi Joseba Egibar, Adegiko eta Confebask-eko presidente ohi Eduardo Zubiagirre eta egun legebiltzarkide diren bailarako Aitor Urrutia, Elena Lete eta Marijo Etxegoien.
Bera udaletxean egon zen garaian ondoan izan zituen alderdikideek kontatu zuten, adibidez, loreak asko gustatzen zitzaizkiola edo blok txiki bat eramaten zuela beti aldean eta han edo hemen ikusten zuen guztia apuntatzen zuela bertan. "Bilera askotan egon nintzen Patxirekin eta berba gutxi egiten zuen, aurretik aipatutako proiektuak zein puntutan zeuden eta Elgetari zertan eragingo zion galdetzeko ez bazer, baina apuntatu, dena apuntatzen zuen", zuen gogoan Bergarako alkate ohi Bitoriano Gallastegik.
Musika ere bai
Eta testigantzak eta pasarteak ez ezik, musika ere entzun zen atzoko omenaldi ekitaldian. Bertako abesbatzak hari asko gustatzen zitzaion Por el camino verde kantua abestu zuen ekitaldiaren hasieran; amaieran, berriz, Basaurik agindutako –Bergarako Gonzalez Chirlaquek egin zuen musika eta Valen Moñuxek jarri letra– Elgetako ereserkia. Ekitaldian zehar, baina, egun EAJko legebiltzarkide den Garikoitz Mendizabal txistulariak hiru pieza jo zituen: artzain kanta bat eta alkate soinua tartean.