Metalezko haize-instrumentuekin osatuta dago Euskadi Brass taldea. Kontzertu berezia izango da biharkoa; izan ere, irabaziak Valentziako tanta hotzak kaltetutako La Torre zentroarendako izango dira.
Paiportatik bi kilometrora dago La Torre zentroa eta aniztasun funtzionala duten 80 lagunekin egiten dute lan. Poliki-poliki badoaz normaltasunerako bidea hartzen, baina, gaur-gaurkoz, egoitzara bueltatu ezinik daude. Lokatza erretiratzen eta zentroa txukuntzen jarraitzen dute. Bien bitartean, beste elkarte batzuek lagatako ordezko instalazioetan ematen dute zerbitzua.
Goi-mailako musikariak
Alberto Urretxo arrasatearrak zuzentzen du Euskadi Brass: "Elgetan bizi den eta gurekin kolaboratzen duen Estefania Beceiro tronpa-jolearen eskutik heldu zitzaigun proposamena, eta ideia oso ona iruditu zitzaigun. Euskadi Brass musika proiektu bat da, baina karakter sozialekoa ere bada. Elgetako Udalak ere bat egin du ekimenarekin".
Ordubete inguruko kontzertua egingo dute. "Taldearen hamargarren urteurrena ospatzeko diskoa kaleratu genuen abenduan, eta bertako piezak joko ditugu". Hamar lagun izango dira: lau tronpeta, lau tronboi, tuba bat eta tronpa bat.
"Sarrerako pieza bat joko dugu, eta, jarraian, askotariko emozioak eragingo dizkigun errepertorioa. Kantuen artean azalpenak emango ditut eta kontzertuari amaiera emateko musika folklorikoa ere eskainiko dugu. Bidaia moduko bat egingo dugu, Errumanian hasi eta Italia, Frantzia eta Espainiako hegoaldetik pasata Euskal Herrian amaituko dena. Hain zuzen ere, azken pieza Eneko Azparren konpositoreak Euskadi Brassendako propio idatzitakoa izango da".