2012an ezagutu zuten elkar, Bilbao Orkestra Sinfonikoan. Estefania Beceirok (Aspontes de Garcia Rodriguez-Coruña, 1986) aterata zeukan plaza, eta Adrian Garcia (Coruña, 1990) kolaborazioak egitera etorri zen. "Urte batzuetara, Euskadiko Orkestrarako entzunaldiak egiteko aukera sortu zitzaidan, eta plaza atera nuen", azaldu du Garciak.
Ez dira asko tronpa-jole profesionalak. "Estatu mailan 25 orkestra profesional daude eta bakoitzean lauzpabost tronpa-jole, gehienez", dio Beceirok. Emakumeak gero eta gehiago, baina oraindik ere gutxi. "Ni orkestran hasi nintzenean hiru bat emakume izango ginen Estatu osoan. Zorionez, aldatzen doa hori", dio.
Gustuko dute egiten dutena, eta Elgetan aurkitu dute bien lantokiaren erdibidean dagoen bizilekua. Kokapenaz gainera, herriaren tamainak erakarri ditu. "Ez genuen Elgeta ezagutzen, baina ni herri txiki batekoa naiz, eta horixe nahi nuen alabarendako", esan du Beceirok. "Hau da, nik bezala, umetako lagun kuadrilla izatea, eta sei-zazpi urterekin esatea: 'Ama, kalera noa lagunekin!'. Eta askatasun osoz ibiltzea". Bi urteko alaba dute: Carola.
"Alokairuan gaude Elgetan. Eskaintza irten zenean ikustera etorri ginen, eta gustatu egin zitzaigun. Probatzeko etorri ginen, eta bi urte daramagu. Oso gustura gaude, egia esan".
Lanbide "exijentea"
Musikari profesionalak dira. Bizkaiko Foru Aldundiarena den Bilbao Orkestrako tronpa-jolea da Beceiro, eta, gainera, Donostian dagoen Musikene goi-eskolako irakaslea da. Antzinako Tronpa izeneko ikasgaia irakasten du. Garcia, berriz, Eusko Jaurlaritzarena den Euskadiko Orkestrako tronpa-jolea da. Entzunaldiak gainditu eta sei hilabeteko probaldia egin behar izan zuten biek. Beceirok 14 urte daramatza Bilbao Orkestran eta Garciak zazpi Euskadikoan.
"Gure kasuan, 86 lagun gara lantaldean. Kontzertuen denboraldia abuztu hasieran hasi eta ekainean amaitzen da. Astelehenetik barikura egiten dugu lan. Astelehen, martitzen, eguazten eta eguen goizetan entseguak izaten ditugu, eguen arratsaldeetan eta barikuetan kontzertu bana eskaintzeko. Abonu denboraldiko kontzertu sinfonikoak izaten dira; 17 programa eta 34 kontzertu urtean". Horrez gain, ganbera musikako kontzertuak, Operaren Lagunen Bilboko Elkartearekin (ABAO) egiten dituzten operak eta familiendako kontzertu didaktikoak ere egiten dituzte. "Uda aldean herriz herri ibiltzen gara kontzertuak eskaintzen, hango eta hemengo jaiak direla eta", azaldu du Beceirok.
Antzerako lan-erritmoa du Garciak. "Gu 91 musikari gara. Abonatuak ditugu, baina EAEko hiru lurraldeetan eta Nafarroan egiten ditugu kontzertuak. Ganbera musika eta opera ere egiten ditugu; tartean, ABAOrekin. Soinu-bandak grabatzen ditugu, Donostia Zinemaldian jotzen dugu eta askotariko kolaborazioak egiten ditugu".
Gogotsu daude martxoaren 7tik 9ra Bilbon egingo den Musika-Musica jaialdirako. Hiru egunez askotariko orkestrekin osatutako 70 kontzertu baino gehiago daude aurreikusita, eta 1.500 musikari inguruk hartuko dute parte.
Tronpa aukeratzeko arrazoiak
Garciaren familia musika tradizio handikoa da. "Nire aitonak tronpa jotzen zuen, eta, gainera, musika kopiatzailea zen. Aita, berriz, biolin-jotzaile profesionala izandakoa da, eta tronpa jotzen duen lehengusu bat daukat. Coruña hirian Pachote ezizenarekin ezagutzen gaituzte. Ez dakit ziur zein unetan esan nuen tronpa jo nahi nuela. Niri tronpeta gustatzen zitzaidan, baina egun batean tronpa hitza irten omen zen nire ahotik, eta aitak berehala jarri zidan tronpa-pita bat ahoan. Nonbait, desiratzen zegoen nik tronpa esateko. Familia honetan jaiota, musikari izateko behar zuen", dio, irribarre handi batekin.
Beceiroren kasuan, aitonarengandik datorkio musikarekiko zaletasuna. "Tronpeta eta biolina jotzen zituen, eta kontrabaxua, erdizka. Diru apur bat ateratzeko ekin zion, eta jairik jai ibiltzen zen banda batekin hasi zen. Herriko banda sortzen amaitu zuen", esan du. Banda hartan hasi zen txikitan Beceiro. "Ni ere tronpetarekin hasi nintzen, baina tronpa-joleak falta zirela-eta tronpeta kendu eta tronpa eman zidaten, eta ordutik ez dut utzi".
Aholkuak musikari gazteei
Txundituta daude Euskal Herrian dagoen musikarekiko zaletasunarekin. "Euskadiko Orkestra izango da Madrilgoarekin batera abonatu gehien dituen orkestra Estatuan, eta Bilbokoa izango da hurrengoa", diote. Onartzen dute musikari profesionala izateko lan asko egin behar dela, eta ikasketak luzeak direla –gutxienez, 14 urte–: "Jende asko gelditzen da bidean. Hala ere, animatzen ditugu familiak seme-alabak babestera. Askorendako, tamalez, hori oraindik ere irteera gutxiko lanbidea da".
Instituzioendako ere badute eskaera: kontserbatorio gehiago. "Debagoienean ez dago. Musika eskola mugimendu handia dago hemen, baina ez dira kontserbatorioak. Gu astean lau egunez joaten ginen kontserbatoriora. Talentu asko ari gara bidean galtzen".