Koko-jantziak prestatzen hasteko garaia da

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko urt. 20a, 10:00

Kokoen konpartsa, baserriz baserri hasi aurretik, iaz.

Otsailaren 22an esnatuko da hartza Elgetan. Azken hiru urteetan moduan, zain izango du kokoen-konpartsa, baserriz baserri aratustearen iritsiera eta neguaren amaiera iragartzeko. Antolatzaileek prestaketa-lanetan hasteko dei egin dute.

Goibeko euskara elkarteak deituta, eguaztenean hamahiru lagun elkartu ziren koko-batzea antolatzeko lehen batzar irekian. Otsailaren 22rako –Aratustearen aurreko zapatua– iragarri dute aurtengo eske-erronda. Egun horretan esnatuko da Kandelaria egunetik neguko lozorroan den hartza, eta kokoekin eta beste hainbat pertsonaiarekin ibiliko da baserriz baserri.

Ordurako prest behar dute, besteak beste, koko-jantziek, gosaltzeko eta bazkaltzeko guneak, baserriz baserriko ibilbideak eta amaierako festak. "Ondo pasatzea da helburua, eta elgetarrak –bereziki, gazteak– animatu nahi ditugu parte hartzera", esan dute Goibekokoek. "Telegram kanala zabalik dago, eta bertatik jarraituko dugu informazioa zabaltzen", gaineratu dute.

Prestaketa-lanak

Konpartsako pertsonaiak banatzea eta jantziak prestatzea da lehen egitekoetako bat. Mozorroen zerrenda eginda dago: mamarruak, burburixuak, emaztegaia, senargaia, apezpikua, hartza, hartzaren zaintzailea, azeria... Pertsonaia gehienak banatzeko daude, eta komeni da bateren batean interesa duenak lehenbailehen esatea. Jantzi horiek guztiak eginda daude, eta lagatzeko moduan.

Gorrixek –20 urtera artekoak– alkandora eta azpikogona zuriak, gerriko eta zapi gorriak eta lo- redun kapela beharko dituzte. Masustek, berriz, koloretako jantziak eta kapela loreduna eraman beharko dituzte, eta aurpegia estalita. Pertsona desitxuratuak dira protagonista koko-batzean, eta etxean dauden osagaiekin osatzen dira jantziak.

"Hasita gaude jantziak prestatzen. Astelehenetan elkartzen gara, 17:00etatik 19:30era, Galgorri zegoen pabiloian. Laguntza behar duenak hara joan besterik ez du. Badago oraindik ere materiala zenbait jantzi egiteko", esan du Iratxe Bravok.

Erakusketa eta entseguak

Urtero moduan, aurten ere koko-batzearen gaineko erakusketa egongo da ikusgai. Buztin-gelan ipiniko dute, eta bertan egongo da konpartsarako zein bazkarirako izena emateko aukera. Gosaria zein bazkaria, aurten ere, Ozkarbi elkartean izango dira. Prezioa da 12 euro gazteendako eta 20 euro gainerakoendako. Iaz, 40 bat lagun elkartu ziren.

Koplak eta dantzak gogora ekartzeko saioak ere egingo dituzte. Telegram kanalaren bitartez emango dute daten berri.

Ibilbidea

Aurten, Bergara-Elorrio errepidearen beheko aldeko baserrien txanda da. Antolatzaileak baserritarrekin harremanetan jartzen hasita daude, ibilbidea zein izango den zehaztu aldera. Goizean lauzpabost bisitatzea eta arratsaldean batera joatea da hasierako asmoa. Azken dantza saioa, berriz, herriko plazan izango da, Ustekabe txarangak girotuta. Berritasunak ere iragarri dituzte antolatzaileek.

Laugarren koko-batzea

Laugarren urtez egingo dute koko-batzea Elgetan. Egun osoz dantza, kantua eta umore ona izango dira nagusi. Koko-batzearen funtzioa da, alde batetik, aldenduta dauden baserrietara Aratustea eramatea, eta, bestetik, festa iniziatikoa da aurre-helduaroan dauden belaunaldiendako. Helduen komunitatean sartzeko errituala, alegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak