Ibane Abasolo: "Oso gustura dihardut IQAC-CSIC zentroan"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko urt. 17a, 08:32

Ibane Abasolo Olaortua.

Otsaila ezkero, Espainiako ikerketa erakunde publikoan ari da biokimikaria eta biologoa den elgetarra; orain arte moduan, aplikazio terapeutikoetarako nanomedikuntzan dihardu.

Ibane Abasolok (Elgeta, 1975) otsailean beteko du urtea Kataluniako Kimika Aurreratuko Institutuko (IQAC-CSIC) ikertzaile-lanetan. Vall d'Hebron ospitale entzutetsuan 16 urtean lanean ibili ostean heldu zen aldaketa. Bost laguneko ikerketa-taldea gidatzen du gaur egun.

Zein ikerketa-lanetan diharduzu, gaur-gaurkoz?

Aplikazio terapeutikoetarako nanomedikuntzan dihardut. Nanoteknologian oinarritutako estrategia terapeutiko berriak garatzen saiatzen gara. Gure ikerketaren helburua da nanoteknologiak erabiliz farmakoak eraginkorragoak izatea.

Tratamendu berrien ikerkuntzan diharduzu, orduan.

Bai. Zentratzen naiz, besteak beste, metaketa lisosomaleko gaixotasunetan. Hau da, zeluletan badaude lisosoma izeneko granulu batzuk, eta ondo ez daudenean gaixotasun arraro asko agertzen dira. Horiek ikertzen eta horiei konponbidea ematen saiatzen naiz. Baina beste gaixotasun batzuk ere ikertzen ditugu; adibidez, minbizia.

Gaixotasun arraro guztiendako balio du egiten duzun ikerketak?

Bai eta ez. Nire lana da ikustea ea ipini ditzakegun farmakoak nanopartikula batzuen barruan eta nanopartikula horiek erabili terapia egiteko. Hau da, garraiolari moduan erabiltzea nanopartikulak, botikek efikazia handiagoa eta albo-ondorio gutxiago edukitzeko. Aplikatzen dut minbizian eta gaixotasun arraro konkretu batzuetan; lehen aipaturiko metaketa lisosomaleko gaixotasunak dira. Salbuespenak salbuespen, ez dut beste gaixotasun arraroetan ikertzen, baina gure emaitzek balio dute beste gaixotasun batzuetarako. Metaketa lisosomaleko gaixotasunez aparte, beste gaixotasun arraro batzuk ere ikertzen ditugu; adibidez, glioblastoma – garunean edo bizkarrezur-muinean garatzen hasten den minbizi mota bat– eta gaixotasun arraro moduan hartzen den pankrea-minbizia.

Lantalde handia gidatzen duzu orain?

Gaur egun, bost ikertzaile ditut nire kargura. Vall d'Hebron ospitaletik irten nintzenean, hamasei pertsona nituen nire ardurapean, baina hemen ere poliki-poliki banoa taldea osatzen.

Gustura diharduzu erakunde berrian? Asko aldatu da zure lana Vall d'Hebron ospitalean egiten zenuenarekin alderatuta?

Bai, gustura nabil eta lana ez da askorik aldatu. Gertatzen dena da lehen ez bezala lanpostu finkoa dudala orain; izan ere, plaza atera nuen Kataluniako Kimika Aurreratuko Institutuan (IQAC-CSIC).

Zer da IQAC-CSIC edo Kataluniako Kimika Aurreratuko Institutua?

Espainiako ikerketa erakunde publikoa da CSIC. Hau da, ikerketa zientifikorako Espainiako goi-mailako erakunde ofiziala da. Estatu guztiak dituzte baliokideak: Frantziak, esaterako, CNRS dauka. CSIC-ek diziplina zientifiko guztiak hartzen ditu: neurozientzia, bioteknologia, soziologia, ekonomia... Agentzia baten moduan funtzionatzen du eta espezializazio askotako ikerketa zentro edo institutuak ditu. Euskal Herrian ere badaude. Nik zentroetako batean dihardut: Kataluniako Kimika Aurreratuko Institutuan.

Ikertzaileen buruhauste handienak jarraitzen du izaten finantzaketa lortzea?

Bai, zalantzarik gabe. Horretan gabiltza danak eta hori da gure erronka nagusia. Finantzaketa publikoarekin mantentzen da ikerkuntzaren %90. Urtero ateratzen dira deialdiak, eta proiektua aurkeztu behar duzu. Ondo baloratzen badute zure proiektua, dirua ematen dizute; bestela, ez. Baina beti ematen dute gutxi eta berandu. Eta finantzaketa pribatua oso txikia da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak