Elgetako udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin zuten egubakoitz iluntzean Elgetako gobernantza. 688 urteko hiribildua liburuaren aurkezpena. Manolo Cainzosek, Fernando Larrañagak eta Txema Barrutiak egin dute eta aurrean izan zituzten ekitaldira joandako 30 bat herritar. Hantxe azaldu zuten egileek liburuak duen itxura eta barruan jasotzen dituen hainbat ezaugarri ere azaldu zituzten, esaterako: Elgetako Udaleko lehen akta 1601 urtekoa dela; Elgetak, Uberak eta Angiozarrek osatzen zutela lehen kontzejua eta nola aukeratzen zituzten udaleko karguak; aukeraketa hori nahiko "zikiña" irudituta Errege Katolikoei arauak aldetzeko egindako eskaera...
Erreferentzia historikoak, argazki zaharrak, Elgetako armarriaren historia eta Elgetako udal gobernantzan egondako alkateen, udal eskribauen, idazkarien eta hainbat udal ordezkarien izenak; baina euretako askoren argazkiak ere. 500 izenetik gora datoz.