Elgetarrek, gaur egun, lau urtean behin aukeratzen dute Udal Gobernua, eta udalbatza bi hilean behin elkartzen da, herriarekin lotutako erabakiak hartzeko. Ez da beti horrela izan. Gaztelako errege Alfontso VIII.ak 1335ean eman zion hiri-gutuna Elgetako hiribilduari, eta urteotan guztietan gobernantza ereduak askotarikoak izan dira.
Hain zuzen ere, horien berri ematen dute Manolo Cainzosek, Fernando Larrañagak eta Txema Barrutiak –argazkian falta da– azken urtean landutako Elgetako gobernantza. 688 urteko hiribildua liburuan. Ordu asko eman dituzte udal artxiboko dokumentu historikoak aztertzen, eta gertakari xelebre asko aurkitu dituzte.
Lehen bilerak Andra Mari baseliza zaharrean
Dokumentu zaharretan jasota dago hasiera batean irekia zen kontzeju edo auzo-batzar batean hartzen zirela hiribilduaren gobernantzarekin lotutako erabakiak. "Dirudienez, lehenengo bilerak Andra Mari baseliza zaharraren atarian egiten ziren, eta kontzejuak funtzio bikoitza zuen: herri-ondasunak administratzea –mendiak, basoak...– eta auzotarren eta lurraldeko goi-erakundeen arteko bitartekari izatea. Lehenengo bilera ezaguna 1339koa da", azaldu dute liburuaren egileek.
Agirietan jasota dago, baita ere, 1496koa dela kontzejuaren lehenengo etxea egiteko erabakia. Hiribilduko elizaren ondoan egitea erabaki zuten. Bi solairu eta ganbara zituen eraikinak, eta han zeuden alkatearen bulegoa, bilera-gela eta kartzela.
Tokiko gobernuaren antolaketako lehen ordenantza 1510ekoa da. Ordurako, kontzeju itxia zen, eta kargu nagusiak ziren: alkatea, diruzaina, hiru zinegotzi, epaimahai bat eta kartzelaria. "Elgeta, orduan, hiru gunetan banatuta zegoen: hiribildua, Angiozar eta Jalotza (Ubera). Karguak urtero berritzen ziren, San Migel egunarekin, eta txandaka hartzen zituzten karguak hiribilduko, Angiozarko eta Jalotzako auzotarrek".
Kargua uzten zutenek zerrenda bat prestatzen zuten. Bertan, herrian jabegoa zuten eta idazten zekiten 20 urtetik gorako gizonen izenak jasotzen ziren. "Zerrendako izenak ontzi batean sartzen ziren, eta ume batek hiru ateratzen zituen. Hiru gizon haiek, berriz, alkate kargurako nahi zuten herritarraren izena idazten zuten paper banatan, eta berriz botatzen ziren ontzira. Zozketan aukeratua irteten zenak betetzen zuen alkate kargua, urtebeterako. Horrela funtzionatu zuen gauzak, 1845ean Udal Legea ezarri zen arte".
Alkate izandakoen zerrenda
Udal artxiboko lantaldeak ezin izan ditu hutsune guztiak bete, baina 250 izenetik gorako zerrenda da. Listako lehenengoa Juan Garcia de Galarraga da, 1339ko alkatea.
Bitxikeriak ere badaude: "Gerra garaietan gorabehera handiak izaten ziren, eta Lehen Karlistaldian, 1835ean, urtebeteko epean zazpi alkate pasa ziren", azaltzen du Larrañagak. "Eta Elgetako 700 urteko historian gehien iraun duen alkatea Patxi Basauri izan da –31 urte–. Hurrengoa Bartolome Elkoro –10 urte–".
Liburuak idazkari izandakoen zerrenda ere jasotzen du. 700 urteko historian emakume bakarra: Maria Angeles Elkoro. 35 urtez izan zen idazkari karguan, 1979tik 2014ra. Luzaroan egon direnen zerrendan bosgarrena da.
Aurkezpena prestatzen
Elgetako armarriaren historia, azken hamarkadetako alkateen eta zinegotzien argazkiak... Herriaren gaineko informazio asko jasotzen du liburuak, eta horien guztien berri emateko aurkezpen ekitaldia egingo dute Cainzosek, Larrañagak eta Barrutiak.
Liburuaren ehun ale inprimatu ditu Udalak. Aurkezpenaren ostean zintzilikatuko dute udal webgunean.