Nestor Maidagan: "Jende jatorra dago Elgetan; pozik egon naiz"

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko abe. 5a, 10:00

Nestor Maidagan Lazkano, Elgetako kontsulta atarian.

34 urte egin ditu praktikante lanetan Nestor Maidagan arrasatearrak, eta horietako gehienak Elgetako kontsultan. Azaroaren 20an hartu zuen erretiroa, eta disimulurik gabe dio oso ondo bizi dela.

Estimu handia diote Elgetan Nestor Maidagani (Arrasate, 1960). Urte asko egin ditu erizain lanetan eta oso gertukoa izan da herritarrendako. Hura ikusi, eta bospasei herritar gerturatu zaizkio goraintziak ematera elkarrizketa hau egiteko hartutako ordu erdiko tartean. Bisitan gehiagotan etorri beharko lukeela esan diote gehienek.

Zure azken lanegunean etxafuegoak entzun genituen herrian.

[Barre] Etxafuegoena... Kontsultara etorri zen bati komentatu nion botako nuela bateren bat, eta erantzun zidan bazituela pare bat etxean. Ekarri egin zizkidan, eta bota egin genituen. Egun berezia izan zen. Abesbatzako dozena bat lagun ere etorri ziren niri hiru kantu abestera. Doinu ezagunak abestu zizkidaten, baina momenturako moldatutako hitzekin. Detaile oso polita izan zen, eta oso hunkigarria.

Zer moduz bizi zara orain?

Oso ondo. Zaletasun pila ditut. Garrantzitsuenetakoak dira lo egitea eta ezer ez egitea. Baina ezer ez egitea, italiarren dolce far niente adieraz; hau da, ezer ez egitearen plazera. Irakurtzea eta abesbatzan kantatzea ere asko gustatzen zaizkit, eta motorzalea naiz. Badugu taldetxo bat, non ni nintzen erretiroa hartzeko gelditzen zen bakarra; beraz, pentsa! Ez naiz aspertuko.

34 urteotan asko aldatu dira gauzak kontsultan?

Alor teknikoan bai. Dena informatizatuta dago orain, elektrokardiogramak eta halako tresneriak bertan ditugu... Gauzak oso bestelakoak ziren heldu nintzenean. Ordenagailuak 2000. urtean heldu ziren, txandak telefonoz hartzen ziren... Nire gauzak batzen ari nintzela aurkitu nuen txandak emateko sasoi batean kontsultan erabiltzen genituen kartoizko txartel horietako batzuk. Teknikoki gauzak asko aldatu dira, bai, baina aldatu ez dena da jendearekin tratua. Jarraitzen du izaten oso-oso gertukoa. Pozik hartu dut erretiroa; goizetan asko kostatzen zitzaidan etortzea, baina, behin Elgetan egonda, oso gustura pasatzen nuen eguna. Hori horrela da.

Eta gaixotasunak asko aldatu dira?

Poliomelitisa, tetanosa, elgorria, errubeola, tosferina... ia ez dira ikusten orain. Gehiagotu direnak dira edadearekin lotutakoak. Gizarte gero eta nagusiagoa gara, eta hori nabaritu egiten da. Dena den, nire ustez, gehien aldatu dena da gaixotasunen inguruan dugun pertzepzioa. Lehen, oso gutxitan joaten ginen medikuarenera, eta gauza serioengatik izaten zen. Neurri batean, oraindik ere gertatzen da Elgetan. Bada jendea medikuarenera etorri aurretik botikatik pasatzen dena, eta, batzuetan, gauza serioekin. Orokorrean, baina, gaur egun joaten gara medikuarenera katarro batengatik edo sukar apur bat eduki orduko. Eta errespetua ere aldatu egin da. Etxez etxeko ospitalizazioan ibili nintzenean gertatu zitzaidan etxe batera joan eta gaixoa ile-apaindegian zegoela entzutea. Elgetan horrelako gauzak ez dira gertatzen. Beste errespetu bat dago.

Eta zenbateraino da egia elgetarrek odol argiagoa dutela oxigeno maila handiagoa dutelako?

[Irribarre] Elgetan dagoena da jende oso jatorra. Egia esan, 600 metrora dago herria eta ez dago beste leku batzuetan dagoen kutsadurarik. Horrek izango du bere eragina! Nik uste dut elgetarrek badiote odol hobea dutela, ba, horrela izango dela. Eta beste gauza bat esango dizut: hainbeste urtean hona etorrita, nire odola ere hobetuko zen, ezta? Horrela espero dut.

Gustura egon zara, orduan, Elgetan?

Oso-oso gustura egon naiz, eta heldu nintzenetik. Interinitate bat betetzera etorri nintzen ni, eta, beste zenbait lekutan ibilia banintzen ere, Elgetakoa izan zen denboralditxo baterako nire lehen lanpostua. Azkenean, 17 urte izan ziren. Gero, tarte batez etxez etxeko ospitalizazioan ibili nintzen, baina berriz itzuli nintzen Elgetara.

Eta urte gehienak Iñaki Urgoitia medikuaren alboan.

Bai, hasieratik. Eta uste dut tandem ona osatu genuela. Oso osagarriak gara: hura gizon serio eta zuzena, eta ni apur bat dispertsoagoa. Botikakoekin ere harreman oso estua izan dugu beti; zalantzak argitzeko, gertatutakoen berri izateko, kontsultak egiteko... Leku askotan inbidia digute.

Nola bizi izan zenituen pandemia urteak?

Egia esango dizut: pozik etortzen nintzen lanera. Gutxik genuen etxetik irteteko baimena, eta haien artean geunden osasun langileak. Ez nuen nire lana betetzeko arazorik izan. Elgetako kontsultan ez genuen ezer bertan behera utzi, eta eskatutakoak bete genituen. Iluntzeetan, berriz, txaloak entzuten nituen, pentsatuaz haiek niretzat ere bazirela... Elgeta herri txikia da eta pandemian ere hori nabari izan da.

Elgetan galdu dugu pediatraren zerbitzua eta gutxitzen doaz sendagilearen orduak; zer gomendatuko zenieke herritarrei?

Pandemiarekin galdu ziren osteguneroko pediatraren kontsultak. Lan asko egiten zen umeendako zein gurasoendako, eta niretzako ere lan diferentea zen, atsegina. Gainera, txanda guztiak betetzen ziren, kontuan hartuta errebisioak egiteko bakarrik izaten zirela. Baina zerbitzua murrizten hasi ziren, guztiz kendu zutenera arte. Pena benetan handia hartu nuen. Medikuarekin ere berdin hasi dira: lehen, medikua egun osoz egoten zen; eta orain, egun erdiz dago. Gero, aste honetan ez dator, udako beste aste honetan bi egunez bakarrik egongo da... Herritarrei esango nieke adi egoteko. Garrantzitsua da zerbitzua ez galtzea. Egia da erizaina badagoela, baina erizaina ez da medikua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak