Menopausiarekin lotutako lau gako nagusi eman digu Mireia Alberdik (Bergara, 1973) Elgetan: elikadura, kirola, atsedena eta bizitza soziala. Galdera asko sortu dira.
Hainbat herritan egin duzu tailerra. Nola sumatzen dituzu ikastaroetara bertaratzen diren emakumeak?
Informazioa badago, baina Elgetan ere entzun dudana da kasu konkretuetan emakumeek ez dakitela nora jo. Emaginek izan beharko lukete gure erreferentzia, eta uste dut une honetan Osakidetza ez dagoela horretan. Bergaran, esaterako, ikastaroak antolatu dituzte, baina 08:00etarako. Nor joan daiteke?
Trantsitu guztiak, bestetik, ez dira berdinak: emakume bakoitzak berea egingo du. Uste dut gauza horiek gaztetatik ezagutu behar direla. Gutxieneko nozio batzuk ezagutzea oso garrantzitsua da.
Aipatu duzu menopausia bigarren nerabezaro bat dela; zergatik?
Hormonei dagokienez aldaketa handiak daude, eta aldaketa oso sakonak dira. Askotan, ezinegon handia sortzen da. Antzekotasunak badaude –aldaketa hormonalak, gorputz aldaketak...–, eta, nerabezaroan moduan, menopausian ere beldurrak sortzen dira.
Gehiago hitz egin beharko litzateke menopausiari buruz?
Oraintxe hasi gara menopausiari buruz apur bat berba egiten, baina zenbatetan hitz egiten dugu sentitzen dugunari buruz? Elgetan gai asko irten dira eta horien artean libidoaren jaitsieraren gaia. Poliki-poliki joan beharko dugu halakoak normalizatzen. Trantsituak errazagoak izango lirateke.
Parte hartzaileei esan diezu euren denbora defendatzeko.
Emakumeak menopausiara heltzen garenean gertatu ohi zaigu pilatzen zaizkigula gauza asko: nerabezaroan dauden seme-alabak, gurasoak gainbeheran hasten dira, lana, etxea... Eta ondorioa da guretako denbora barik gelditzen garela. Bai, animatu ditut ardurak banatzera eta norberarendako denbora defendatzera. Kirola egiteko, atseden hartzeko, ondo elikatzeko, sumatzen ditugun aldaketei arreta jartzeko...