Nere Erkiaga: "Posible da heriotzaren aurrean ahalduntzea eta hobeto kokatzea"

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko aza. 20a, 09:56

Nere Erkiaga.

Tanatologoa eta Hil arte bizi proiektuko arduraduna da Nere Erkiaga (Lekeitio, 1973). Liburutegiak azarorako antolatutako BiblioHotz egitarauko bigarren hitzaldia egingo du eguenean. Heriotza tabu handia da gure gizartean eta heriotzaren aurrean ahalduntzeko gaitasunaz arituko da. Gomendioak ere emango ditu. Hitzaldia 18:30ean hasiko da.

Zein izango da Elgetako hitzaldiaren xedea?

Alde batetik, Hil arte bizi egitasmoaz arituko naiz. Proiektu honekin bilatzen dudana da herritar norbakoak zein herria osatzen duten komunitate desberdinak heriotzaren aurrean ahalduntzea. Adieraziko dut posible dugula heriotzaren aurrean hobeto kokatuta eta sinisten dudala badugula horretarako gaitasuna. Hitzaldian azalduko dut zein arlotan erabaki dezakegun; izan ere, heriotzak arlo asko ditu, ez bakarrik dolua.

Eta hitz egingo dugu baita ere  eta heriotzaren aurreko ikarari buruz. Zein jatorri duen, zein eragin dituen... Eta zeharkatu daitekeela ikusiko dugu. 

Zeintzuk dira arlo horiek?

Alde batetik daude osasun sistemaren aurrean hartzen ditugun erabakiak. Hor badaude eskubide batzuk. Horien artean dago pazientearen autonomia deritzona; 2002ko legeak jasotzen du. Aurretiazko borondateen dokumentua egiteko eskubidea garatzen du lege horrek, eta beste eskubide asko. Beste arlo batzuk lotuta daude zaintza aringarriak jasotzeko eskubidearekin, eutanasia eskubidearekin... Gutxi hitz egiten da horien inguruan.

Badago beste arlo bat lotuta dagoena ondasunen kudeaketarekin. Testamentua egiteko eskubideaz ari naiz. 2015ean aldatu zen legea eta aldaketa handiak egon ziren.

Bizitza digitala, legatua edo bizitzaren zentzua nola landu... Arlo asko daude. Saio bakarrean ezingo ditut denak sakon garatu, baina aipatuko ditugu ezagutza zabaltzeko.

Heriotza tabu handia da gure gizartean.

Itzela. Banekien horrela zela, baina hitzaldia egiten hasi naizenean konturatu naiz benetan zenbaterainoko tabua den eta horrek nola uzten gaituen kamustuta heriotzaren aurrean. Izan ere, gauza bat da heriotzaren aurrean beldur naturala izatea.

Beldur horrek bizitzara eusteko balio digu, baina gainerako guztia eraikitako beldurra da eta gizarte mailan dugun ezintasun horrek kalte handia egiten digu ez-gauza bihurtzen gaituelako heriotzaren aurrean. Eta badugu berezko gaitasun bat heriotzari aurre egiteko. Gauza gara herri mailan zein norbanako moduan gure zein besteen heriotzaren aurrean beste modu batean kokatzeko. Ez du mina kentzen, heriotzaren aurrean ondo kokatzeak ez du mina kentzen. Mina berdina izango da, baina ez gara izango hain gizagabeak, hain ez-gauza.

Kamustuta uzten gaituela diozunean zeri buruz ari zara?

Gure gizartean heriotzari ematen zaion trataerak deuseztatu egiten du heriotzari aurre egiteko berezkoa dugun gaitasuna. Heriotzak sortzen dituen hutsuneari eta kezkari erantzuna emateko baliabideak baditugu. Kontua da ez ditugula garatzen gizarte honek ez digulako garatzen laguntzen. Kamustuta gaude.

Denok dugu gaitasun hori?

Sinistuta nago baietz. Umeek ere bai. Denok dugu gaitasuna heriotzaren aurrean kokatzeko eta egoteko, baina ez dago lanketarik eta txotxongilo bihurtzen gara bai gure heriotzaren aurrean bai besteen heriotzaren aurrean zein besteen doluaren aurrean. Erlijioek eragina izango dute kontu honetan. Orain, ikus-entzunezkoetatik heltzen zaizkigun mezuak ditugu. Mezu horiek guztiak gure inkontzientean sartzen dira.

Norendako da biharko hitzaldia?

Herritar guztientzako hitzaldia da; irakasleendako, umeekin lan egiten duten hezitzaileendako, gurasoendako, adinekoendako, adinekoekin lan egiten dutenendako...

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak