Etxebizitzetan energiaren kontsumoa murrizteko bi tailer praktiko egunotan Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko aza. 5a, 11:39

Iazko udazkenean 'Energia Argitu' programaren baitan Elgetan egindako saioetako bat.

Lehenengo saioa bihar izango da eta etxerako berokuntza sistemarik egokiena nola aukera azalduko du aditu batek. Bigarrena azaroaren 13an izango da. Energia Argitu programaren baitan antolatu dituzte elkarlanean Gipuzkoako eraldaketa energetikorako bulegoak eta Elgetako Udalak.

Saio praktikoak izango dira eta helburua da energiaren kontsumoa murrizteko gomendioak eskaintzea herritarrei. Doako saioak dira eta 18:00etatik 19:30era izango dira udaletxeko areto nagusian. Ezinbestekoa da aurrez izena ematea; izan ere, antolatzaileek aldez aurretik jakin nahi dute parte-hartzaile kopurua zein izango den. Tailerrek aurrera egiteko gutxienez bost parte-hartzaile beharko dira. Interesatuek energiabulegoa@gipuzkoa.eus helbidera idatzi edo 605 75 76 87 telefonora deitu behar dute. Biharko saiorako gaur da izena emateko azken eguna eta hilaren 13ko saiorako izen-ematea hilaren 8an amaituko da

Berokuntza-sistema egokiena

Biharko saioa da Jakin ezazu zein den berokuntza sistemarik egokiena zure etxebizitzarako. "Nahiz eta aldian-aldian berokuntza-sistema mota jakin bat 'modan' jarri, egia esan, sistemarik eraginkorrena zein den jakiteko, hainbat alderdi aztertu behar dira: etxebizitza mota, jada instalatuta dauden aparatu edo hodiak, etxebizitzaren erabilera, etab. Helburua da herritarrak gaiari buruzko nozio argi batzuekin ateratzea eta berogailu-sistemei buruzko oinarrizko irizpideak izatea, merkatuko berrikuntzek eragindako erabakiak ez hartzeko etorkizunean", azaldu dute Energia Argitu programako ordezkariek.

Autokontsumo indibiduala, kolektiboa eta komunitate energetikoak

Bigarren saioa hilaren 13an izango da. Gaia da: Energia berriztagarriak zure etxean: autokontsumo indibiduala, kolektiboa eta komunitate energetikoak. "Tailer honetan mota desberdineko energia berriztagarrien berri emango da, norberak bere etxerako bideragarriena zein den jakin dezan. Plaka fotovoltaikoen bidez energia sortzeari buruz hitz egingo da batez ere: autokontsumo indibidualaren, kolektiboaren eta tokiko energia-komunitateen inguruko aukerak azalduko dira", aurreratu dute.

Autokontsumoko instalazioen gida praktikoa banatuko dela ere jakinarazi dute. "Gidaliburu horrek autokontsumoari buruzko informazio praktikoa ematen du, bai banakakoarena, bai kolektiboarena, sorkuntza fotovoltaikoan zentratuta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak