Udal zerga eta tasa gehienak %3 igoko dira Elgetan; zaborraren tasa, %35

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urr. 30a, 10:14

Udal ordezkariak, atzo egindako osoko bilkuran.

Udal Gobernuak eta oposizioak akordioa lortu dute eta aho batez onartu dituzte igoerok. Oposizioak esan du fiskalitate "sustatzaile, justu eta berde" baterako akordioa izan dela, eta balioa eman beharrekoa dela.

Elgetako udal zergek eta tasek %3ko igoera orokorra izango dute 2025ean. Salbuespen esanguratsuena zaborraren tasan aplikatuko da; %35,57ko igoera. "Gehikuntza potoloa da, eta, igoera progresibo baten faltan, horrela beharko du; izan ere, Europako zuzentarau bati lotuta gaude", azaldu du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.

Oposizioko Iker Lakak esan du EAJk erantzukizunez jokatuko duela gai horrekin, eta ez duela populismorik egingo. "Argi dugu legeak eskatzen duen igoera dela", esan du, baina honako hau gaineratuta: "Aurrezten den dirua bideratu beharko litzateke birziklatze tasak hobetzeko sentsibilizazio kanpainak egitera edo hobariak jartzera".

Unzetabarrenetxea alkatearen erantzuna argia izan da: "Gu ere arduratuta gaude igoerak herritarrei ekarriko dien esfortzuarekin. Ingurumenean inpaktu handia eragiteaz gain, sortzen dugun zaborra kudeatzeak kostu ekonomiko handia du. Hala, kanpaina indartsu bat prestatzen ari gara herritarrak kontzientziatzeko".

%3ko igoera orokorra

Oposizioak, bestalde, "egoki" ikusten du %3ko igoera orokorra. "Ikusi dugu iazko %1,9ko igoera pixka bat motz gelditu zela, eta aurrekontuaren oreka garrantzitsua da", esan du Lakak.

Unzetabarrenetxeak azaldu du bi salbuespen egongo direla: "Ondasun higiezinen gaineko zerga %1,5 igoko da eta trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga ez da igoko". Lakak esan du jeltzaleek ordenantza fiskalak babesteko jarritako baldintzetako bi direla horiek; izan ere, bi alderdi politikoek akordioa lortu dute eta 2025eko ordenantza fiskalak aho batez onartu ditu udalbatzak. "Uste dut akordio ona dela, eta balioa ematekoa; izan ere, politikagintzan ez da oso ohikoa izaten".

Ekonomia jardueraren gaineko zergan ezarritako hobariak, eraikuntza, instalazio eta obren gainekoan ezarritakoa, eta establezimenduak irekitzeagatiko merkataritza, zerbitzu zein ostalaritzan ezabatutako tasa ere azpimarratu ditu ordezkari jeltzaleak. "Fiskalitate sustatzaile, justu eta berde baterako akordioa lortu dugu", esan du.

Etxebizitza hutsen errekargua

Akordiotik kanpo geratu direnen artean dago etxebizitza hutsei ezarritako %75eko errekargua. "Neurri diru-biltzailea besterik ez da. Bistakoa da ez dituela etxebizitza hutsak merkatura atera, eta, gainera, diru hori ez da etxebizitza politika aktiboak martxan jartzera bideratzen", esan du Lakak. "Errekargu horren inguruan gauza asko eztabaidatu daitezke, eta, dakizuenez, hasita gaude zein ondorio dituen aztertzen, baina, nahiz eta azken helburua ez bete, jarraituko dugu errekargua babesten, beharrezkoa delako presio mekanismo moduan mantentzea", erantzun du Unzetabarrenetxeak.

Akordioa lortu izana txalotuta ere, oposizioak adierazi du Udalaren funtzionamendu egokirako garrantzitsuak diren gaiak lantzeko denbora gehiago hartu behar dela. "Presaka gabiltza beti, eta azterketa sakona eskatzen duten gaiak dira. Eskatzen diogu Udal Gobernuari hurrengoetarako denbora gehiago aurreikusteko".

Aurrekontua prestatzen

2025eko udal aurrekontua du udalbatzak hurrengo jomuga. Foru Funtsetik 1,2 milioi euro jasoko direla azpimarratu du Lakak, eta herritarrei esfortzu bat eskatzen baldin bazaie ordezkari politikoek modu berean erantzun behar dutela esan du. Ezinbestekotzat jotzen du udal aurrekontuak etorkizuneko proiektu estrategikoak jasotzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak