Herri Foroak ekin dio ikasturte berriari

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urr. 28a, 10:30

Ikasturte honetako lehen Herri Foroa, hilaren 16an, udaletxean.

Aurreko urtean egindako ekintzen balorazio positiboa egin dute, nahiz eta hobetu beharrekoak ere identifikatu dituzten. Esate baterako, herri hezitzaileen filosofia zer den eta zer bilatzen duen herritarrei hobeto azaltzea.

Elgetako Oinherri Herri Foroa osatzen duten bost bat eragiletako dozena bat lagun elkartu ziren ikasturte berriari ekiteko batzarrean. Hilaren 16an egin zuten eta bost puntu jorratu zituzten Hezkuntza zinegotzi Kepa de Vegak gidatutako batzarrean.

Lehenengo eta behin, aurreko ikasturteko balorazioa egin zuten, eta positiboa da. Bi Herri Foro, taldekako bilerak eta ekainean frontoian egindako azoka izan ziren ekimen nagusiak. Landu beharrekoen artean aipatu zuten hobeto azaldu behar zaiela herritarrei herri hezitzaileen filosofia zer den; izan ere, susmoa da ez dagoela oso argi. "Dinamikaren helburu nagusia da herritarren arteko elkarrekintzak sustatzea denok denongandik ikasteko aukerak sortzeko eta sustatzeko", laburbildu zuen Kepa de Vegak.

Ikasturte berriko erronkak

Lanean jarraitzeko asmoa dute bertaratutako eragileek, eta ikasturte honetan ere Herri Foroa birritan deitzea eta taldekako bileren dinamikarekin jarraitzea da helburua.

Talde motorrak bi egitasmo nagusi izango ditu aurten. Alde batetik, umeen parte-hartze organo egonkorra sustatzea. LH-1 eta LH-6 arteko hamabi ordezkarik osatzen dute eskolako ikasle batzordea –gela bakoitzeko bi– eta bi hilean behin elkartuko da talde motorreko kideekin udaletxean. Ikasturteak aurrera egin ahala foroko eragileekin ere elkartzeko aukera aztertuko da. Hala, taldean lantzeko bi galdera eraman zituzten batzarretik etxera eragileek: Ikasle batzordearekin elkartzea gustatuko litzaiguke? Zer azal- duko eta galdetuko genieke?

Talde motorraren bigarren egitasmoa da herriko ondarea jasotzen hastea. Egunotan dira hastekoak taldekako bilerak eta bertan joango dira definitzen lanketa hori zelan egin eta nondik hasi.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak