Liburuaren Nazioarteko Eguna, urriaren 24a, aukeratu du Elgetako liburutegiko Geaxi Ezpeletak dinamika berria martxan jartzeko. "Askotariko formatuak har ditzakeen arren, liburuen azalen ordez pertsonen aurpegiak eta idatzi-irakurritako hitzen ordez kontatutako eta entzundako hitzak dituen dinamika da giza-liburutegia", azaldu du. "Estereotipoei eta aurreiritziei aurka egiteko 2000. urte inguruan Danimarkan indarra hartu eta gaur egun munduko leku askotara hedatu den dinamika da".
Hala, Ikram Harrazen, Marian Astobizaren, Josu Etxanizen eta Beatriz Zabalondoren parte-hartzearekin egingo dute Elgetako lehenengo saioa. "Arloren bati lotutako euren bizi-esperientzia kontatuko dute; gure kasuan, hiru entzuleko taldetxoetan, gehienez".
Helburua da komunitatea ezagutzea, indartzea eta pertsonak erdigunean jarriz gizarte-kohesioa sustatzea. "Aurreiritziak apurtuz, elkar ezagutzea, esperientzia eta ezagutzak partekatzea eta elkarrengandik ikastea da. Bestalde, kontatzearen eta entzutearen garrantzia plazaratzea, eta bertatik bertarako komunikazioaren presentzia aldarrikatzea", zehaztu du Geaxi Ezpeletak.
Talde txikietan
Gonbidatu bakoitza liburutegiko txoko batean egongo da, eta 10-15 minutuko kontaketa egingo du. Gehienez ere, hiru laguneko taldeen aurrean egingo dute berba Harrazek, Astobizak, Etxanizek eta Zabalondok. "Entzuleek ere parte hartzeko edo galderak egiteko aukera izango dute. Horregatik, taldeetan sortu daitezkeen hartu-emanek esperientzia bakoitza bakarra izatea ekarriko dute". Izen-ematea zabalik da eta talde txikiak izanik komeni da erreserba egitea. Interesatuek liburutegira jo behar dute.
Hizlariak
- Ikram Harraz. Jaioterritik Elgetara
Bere bizi-esperientzia kontatuko du Harrazek: sustraiak, jaioterria, kultura, hizkuntza... Elgetara iritsi arteko ibilbidea eta Elgetara nola egokitu den ere kontatuko du. Gazteleraz egingo du kontakizuna.
- Marian Astobiza Askasibar. Amatasunak
Amatasunarekin lotutako bere esperientziaz arituko da Astobiza. Lehen alabak hilabete gutxi zituela alargundu zen. 27 urte zituen. Bigarren alaba 40 urte ingururekin izan zuen. Bi bizi-esperientzia oso desberdin izan ziren.
- Josu Etxaniz Irazabal. Urte asko futbolean
Josu Etxaniz elgetarrak urte askoan jokatu zuen futbolean. Futbolari buruzko bizipenak azalduko ditu, futbolaren inguruan dauden balioak, zailtasunak... Haren esperientzian oinarritutako kontakizuna egingo du.
- Beatriz Zabalondo Loidi. Euskarari erabat lotuta
Zabalondok egindako ibilbide profesionalari lotutako kontakizuna egingo du. Elgetarra askotariko zereginetan ibilitakoa da – irakaskuntza, Berriako presidentea...–, eta beti euskarari erabat lotuta.