Zein da basoen egoera Elgetan?
Jabetzari dagokionez, muturreko egoera da Elgetarena. Baso-lurren ia %100 pribatuak dira. Debagoieneko herrien batez bestekoa da bi heren pribatua eta heren bat publikoa. Eskualdeko kontrako kasua Leintz Gatzaga litzateke, non baso-lur gehienak publikoak diren. Basoen egoerari dagokionez, Kanpanzarko bidetik argi ikusten da: gaixotutako insignis pinu sail dezente daude. Douglas izeiak ere badaude, eta gaixotzen ari dira horiek ere.
Baso-jabeen aldartea zein da?
Elgetan zein Elgetatik kanpo antzerakoa. Egoerak dakarrena da jabeak, oro har, etsita eta noraezean egotea. Uste dut horiek direla hitzak, etsita eta noraezean. Alternatibak sortu dira 2018ko krisi fitosanitariotik hona, baina ez da alternatibarik heltzen edota heltzen diren alternatibak oso kontinuistak dira. Ez da kudeaketa eredua bera ezbaian jartzen. Beste espezie batzuk sartu dira basoan, baina espezie horiek emango dutena guk modu oso kritikoan ikusten dugu.
Tantai Baso Jabe elkarteak eredu alternatibo jasangarria proposatzen du; bide bat egin duzue. Bideragarria, errealista eta errentagarria da benetan?
Ekain amaieran bete genuen lehenengo ekitaldi ekonomikoa eta emaitzak esperotakoak baino zerbait hobeak izan dira. Lan asko dago egiteko eta proiektua egonkortzeko urte batzuk beharko dira oraindik. Baina bai, hau bideragarria da. Legazpin osatu dugu etorkizuneko irudi bat izan daitekeen lan bat eta ikusi dugu positiboa izan dela ekonomikoki ere.
Tantai moduko proiektu batean sartzeko baso-jabeak prest egon behar du aldaketak egiteko; ze aldaketa?
Lehen urratsa de alternatibak badaudela jakitea eta horiek entzutea. Adibidez, Tantairen proposamena entzutea. Baso-jabeak ez du zertan espezie jakin batzuekin lotutako kudeaketa ereduarekin jarraitu. Beste aukera batzuk badaude. Aldi berean, prest egon behar du ulertzeko beste kudeaketa eredu batek emaitza ekonomiko positiboak eman ditzakeela. Jendartearen ikuspuntutik ere beste onurak batzuk bermatzen dira, askotan baso-ekosistemei eskatzen dizkiogunak. Administraziotik zein aholkularitza zerbitzutik ematen ditugu gai horien gaineko azalpenak eta ikusten ari gara hasi ginenetik hona geroz eta babes zabalagoa dagoela ikuspuntu teknikotik. Baina kosta egiten da baso-jabeengana heltzea.
Aldea handia dago lehengo eta oraingo baso-jabeen artean?
Normala ere bada. Azkenean, bizi gara gizarte batean non baso-jabe guztiek ez duten basoaren kudeaketa euren lehentasunen artean. Gaur egun ez dago lehengo baso-jabeek baso kudeaketarekin zuten lotura hori. Besteren batek gogorarazitakoan edo lan bat egitea tokatzen denean konturatzen gara zer-nolako ardura den eta beste aukera batzuk badaudela.
Tantaik baditu bazkideak Elgetan?
Bai, bizpahiru badaude, eta gure ateak zabalik daude beste edozein kontsulta argitzeko. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Tantai Baso Jabe kooperatiba eta gaur egun 321,31 hektarea kudeatzen ditugu Gipuzkoan. Euskal Herrian 500dik gora dira. Saretzen jarraitzea da asmoa.