Unean uneko akordioen aldeko apustua egingo dute Elgetako jeltzaleek

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko ira. 26a, 18:00

Josu Leturia, Iker Laka eta Mikel Larrea zinegotzi jeltzaleak.

EH Bilduren udal gobernua kritikatu dute agintaldi-akordio bat negoziatzeko eskaintzari "ateak ixteagatik".

Ikasturte berria hastearekin batera Elgetako EAJko ordezkariek jakinarazi dute Udaleko bi talde politikoen arteko harreman ona "agerikoa" dela, eta agintaldi-akordio bat ez dela posible izango. Udal Gobernuak hainbat "akordio txiki" bete izana aitortzen dute, baina bi talde politikoen arteko elkar-ulertzea "negoziazioa alderdi mailara heldutakoan" amaitzen dela esan dute. "Zintzoak eta gardenak izan gara hasieratik. 40 neurri baino gehiago jasotzen zituen sei orrialdeko dokumentua oinarri hartuta lan egitea eskaini genien. Sei hilabete geroago eta hiru orrialde eskasekin erantzun digute", esan du Iker Laka bozeramaileak.

Jeltzaleei ez zaie gustatu koalizio abertzalearen erantzuna "ez moduagatik ez funtsagatik", eta EH Bilduri leporatzen diote "maila nazionalean agertzen duen akordioak errazteko jarrera eraikitzailea ez datorrela bat Udalen egunerokoarekin, herritarren ongizatean eragin zuzenena duten erakundeak diren arren".

Jeltzaleek uste dute EH Bilduk Elgetari egonkortasun politiko handiagoa, erakunde sendotasuna eta ikuspegi estrategiko partekatua emango liokeen bideari uko egin diola eta itun zabalago bat lortzea "ezinezkotzat" jota unean uneko akordioen aldeko apustua egingo dutela esan dute.

Gaineratu dute hasita daudela 2025eko ordenantza fiskaletarako eta aurrekonturako proposamenak lantzen. Halaber, "herritar guztiei mesede egingo dien etorkizuneko akordioetarako prest" jarraitzen dutela esan dute. Lakak akordioaren eta konponbide partekatuen aldeko apustua berretsi du "Elgetaren aurrerabidea bermatzeko modurik onena dela sinesten dugulako".

Jeltzaleek azpimarratu dute "garai politiko berri bat" irekitzeko itxaropena zutela, "egungo udalbatza, batez ere, pertsona gazteen belaunaldi berri batek osatzen duela aprobetxatuz. Bide-orri partekatu bat adosteko eta beste erakunde batzuen aurrean sendotasuna erakusteko aukera galdu dugu", esan du Lakak. EAJ Udal Gobernu taldearen hainbat proiektu bere egiteko prest zegoela gehitu du.

Lehen urteko lorpenak

Agintaldiko lehen urtea amaituta, egindakoaren inguruko "balorazio baikorra" dute jeltzaleek. Egutegi fiskala argitaratu izana, ibilgailuen zergan familia ugarientzat aurreikusitako hobariak aplikatzea edo kontsultategi kanpoaldean eserlekua jarri izana lorpentzat dituzte. Txanponaren beste aldean daude 2023ko soberakina negoziatzea, hutsik dauden etxebizitzentzako OHZren gainkarguari buruzko hausnarketa, jardueren azterketa sozioekonomikoa eta erabilerak zein jarduerak arautzeko ordenantza idaztea. "Udal Gobernuak gai horiekiko konpromisoa ere hartu zuen. Ez dute aurrera egin horretarako aukerak egon badira ere", azaldu du Lakak.

Jeltzaleek gaineratu dute urtebeteko epe honetan akordioa lortzeko "konfiantza tarte zabala" eman diola Udal Gobernu talde berriari. Aldi berean esan du agintaldiaren bigarren urtea hasita dagoela eta, beraz, premiazkoa dela lehentasunak argi eta garbi finkatzea eta erabakitasunez jokatzea. "Ausarta izateko eta erabakiak hartzeko eskatzen diogu EH Bilduri, gaur egun ez dakigulako zein den gobernu programa eta, proiektuak lehenesteari dagokionez, bere baitan ikusten dugun adostasun ezak kezka sortzen digulako".

Jeltzaleak "elkarrizketaren eta lankidetza politikoaren bidez akordioaren bidea lantzen jarraitzeko" dei egin dio koalizio abertzaleari, eta "urrun mantendu dadila gehiengo osoak ekar ditzakeen itsutasun eta aldebakartasunetik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak