Ezkutuko lan dezenteren ostean, Ixotzen kooperatibako ordezkariek irailerako iragarri dute frontoiko teilatuan egitekoa den instalazio fotovoltaikoaren lanen hasiera. 46 kWp-ko instalazioa izango da eta aurrekontua 50.854,71 eurokoa da. "Lanek ez lukete luze jo behar. Eguraldia lagun, hilabeteren bueltan instalazioak bukatuta behar luke", azaldu dute.
Ixotzenek gaur egun dituen 53 bazkideetatik 45 inguruk hartuko dute parte proiektuan, eta 250 Wp-ko paketeak eskatzeko aukera izan dute. Onartutako dirulaguntza bati esker, pakete bakoitzeko 150 euroko ekarpena egingo dute; hasiera batean aurreikusitakoaren erdia. Proiektuan parte hartzeko eskaera ofizialak eta bazkideen ekarpenak jasotzen ari da egunotan Ixotzen.
Hurrengo urratsak
Gaur-gaurkoz, ez dago jakiterik instalazioa noiz egongo den martxan. Aurretik, gainera, bazkide bakoitzak eskatu duen potentziaren araberako koefizienteen banaketa definitu beharko da, eta Iberdrolari jakinarazi; izan ere, instalazioa martxan jartzerako bazkide bakoitzak autokontsumoa kontuan hartuko duen kontratu berria sinatu beharko du. "Gure esku dagoena ahalik eta azkarren betetzen saiatuko gara. (...) Hortik aurrera, Iberdrolaren esku geratuko da prozesua", azaldu dute Ixotzeneko ordezkariek.
Enpresak eta komertzioak
Herriko enpresek eta komertzioek egitasmoarekin bat egitea bada Ixotzen kooperatibaren erronketako bat. Pagatza Taldea izan da proiektuarekin bat egiten herriko lehen enpresa. "Inguruko enpresak bazkide laguntzaile izatea garrantzitsua dela deritzogu. Alde batetik, gure xedearekin eta helburuekin bat egiten dutela esan nahi duelako; eta, bestetik, etorkizunean lankidetzarako beste espazio bat zabaltzen zaigulako. Adibidez, etorkizunean beraiek ere gure instalaziotatik kontsumitzea edo beraien teilatuetan gure instalazioak egiteko aukera negoziatzea. (...) Herriko komertzioek ere abantaila handia dute familia askoren aldean, kontsumorik handiena eguzki orduetan egin ohi dutelako eta horixe delako gehien aurrezteko aukera ematen duen eguneko tartea".
Bestelako lan-ildoak
Ixotzen ofizialki sortu aurretik D2030ek hiru azterketa egiteko aukera proposatu zion Udalari, eta mahai gainean dituzte kooperatiban. Minieolikoen azterketa, esaterako, martxan da. "Guretzat ezezaguna den gai bat da, eta interesgarria izango da Elgetarako soluzio aplikagarri bat izan daitekeen edo ez jakitea".
Propanoaren dependentzia murrizteko helburuarekin, berriz, herriko bi etxebizitza bloketan kontsumoak eta efizientzia neurtzeko azterketa egin dute. "Herritarrek erabateko prestutasuna azaldu digute eta haiei egindako emaitzen aurkezpenean gaiak interes handia piztu duela ikusi ahal izan dugu. Asmoa da datuak gehiago landu eta udazkenean herrira modu ulergarrian zabaltzea".
Mugikortasunarekin lotutako azterketa ere martxan da. "Helburua herritarren beharrak eta behar horiei erantzuteko hobekuntza posibleak identifikatzea izango da. Kuantifikatzeak argazki zehatzago bat emango digu, eta datuekin beti izango da errazagoa erakundeei soluzioak proposatzea edo eskatzea".