Zer moduz joan da lehen hilabetea?
Pozik nago. Jaien aurretik zabaldu genuen, eta mugimendu handiko egunak izan ohi dira Ferixa Nagusiko jaiak. Urte eta erdi neraman ostalaritzatik kanpo, eta aitortu behar dut urduri nengoela. Baina gauzak ondo joan dira. Gustura nago.
Eta zenbat aldiz azaldu behar izan duzu janela hitzak zer esanahi duen?
Askotan galdetu didate, eta oraindik ere galdetzen didate. Azalpen azkarra eman behar dudanean esaten dut leihoa dela janela. Argitasunari garrantzi handia ematen diot, eta horregatik jarri ditut leiho handi horiek sarreran. Janela izenak erreferentzia egiten die leiho horiei. Azalpen apur bat landuagoa da Gorka Urbizuren Janela bat abestiarekin duela lotura. Asko gustatzen zait abesti hori. Oso identifikatuta sentitzen naiz; izan ere, kantu horrek jasotzen duena da nik Janelan eskaini nahi dudana. Nire proiektuaren esentzia jasotzen du abestiak. Nahiko nuke datozenendako Janela izatea egunari modu onean eta familia giroan hasiera emateko lekua.
Nola definituko zenuke Janela taberna zer den?
Kontzeptu berria da aurretik herrian izan dudan ostalaritza negozioarekin alderatuta. Aurrekoa jatetxe bat zen, eta nahiko argi neukan beste zerbait izan behar zuela Janelak. Gosaltzea asko gustatzen zait niri; txikitan askotan gosaltzen nuen kalean amarekin eta ahizparekin, eta horretan jarri nahi nuen indarra. Helburua hori da. Udazkenera edo negura begira, gainera, asmoa da meriendak ere ematen hastea. Hori dut buruan.
Eta harrera ona izan dute Janelako gosariek?
Bai. Zabaldu aurretik gertukoen artean kontsultatzen nuenean, zalantzati erantzuten zidaten. Herri txikia da, kontzeptu berria da... baina, oraingoz, nire aurreikuspenak betetzen ari dira.
Goitik behera berritu duzu, gainera, Salbador kaleko lokala.
Niretzat garrantzitsua da nire gustuko lokal batean lan egitea, eta lokal horretaz harro egotea. Baita lokalak ni naizena transmititzea ere. Eta burugogorra naiz. Orain arte, ondo atera zaizkit horrelako apustuak, eta espero dut hau ere ondo irtetea. Apustu handia izan da.
Elgetan behar zuen Janelak?
Izan dut aukera Eibarren edo Ermuan zabaltzeko, baina argi nuen Elgetan behar zuela, bai; izan ere, Elgetarekin maiteminduta nago.
Maria, guztiz elgetartuta zaudela esango nuke.
Orain dela bederatzi urte etorri ginen Elgetara bikotekidea eta biok. Eibartarrak gara eta ostalaritzan aritu gara beti. Jende mordoa ezagutzen dugu Eibar eta Ermua inguruan. Lasaitasun eta intimitate bila etorri ginen. Plana zen lana Ermuan eta bizilekua Elgetan. Eta hemen aurkitu duguna oso berezia da; intimitate hori aurkitu dugu, baina, aldi berean, familian sentitzen gara. Adin guztietako herritarrekin dugu harremana, eta oso gustuko dugu kalean joan eta herrikideak ezagutzea eta agurtzea; eta haiek gu. Nire izaerarekin bat dator. Behar dut.
Jakin dut euskaraz ere gehiago egiten duzula Elgetan, eta hori ere baloratzen duzula.
Horrela da. Bikotekidea eta biok saiatzen gara gure artean euskaraz egiten, baina senitartekoekin eta lagunekin gazteleraz egiten dugu beti. Elgetan askoz ere gehiago egiten dugu euskaraz; horretarako aukera handiagoa dugu hemen Eibarren edo Ermuan baino. Eta asko baloratzen dugu. Asko hobetu dut euskara. Hori uste dut, behintzat.