Bi hamarkada bizitzak alaitzen

Gontzal Belategi Zubia 2024ko uzt. 12a, 09:00

Ane Etxeberria, ezkerretik hasita hirugarrena, eta Patxi Basauri, eskuinetik hasita bigarrena, zentroko erabiltzaileekin. Eskuinean, dohaintza gogoratzen duen plaka.

Elgetakoa izan zen landa eremuko zentro balioanizdunen artean Debagoieneko lehena, eta 20 urte beteko ditu hilaren 16an. Adineko pertsonendako etxebizitza babestu bat eta eguneko zentroa barnebiltzen ditu Domingo iturbe kaleko eraikinak.

Bi hamarkada igaroko dira hilaren 16an Gizarte Politikarako diputatu zen Esther Larrañagak eta garaiko alkate Patxi Basaurik Domingo Iturbe kalean dagoen landa eremuko zentro balioanizduna inauguratu zutenetik. Geroztik, herriarentzat oso baliotsu izan den zerbitzua eskainiz ibili dira zentroan, pertsona adinduei bizitzak ahal bezain beste alaitzen.

Hasiera

Basaurik gogoan ditu aurreko momentu guztiak: "Herrian beharra zegoela pentsatu genuen. Jendeak kanpora joan behar izaten zuen, erresidentzietara, eta halako zerbait hemen egitea pentsatu genuen". Izen bat aipatu du, hain zuzen, alkate ohiak: Maria Jesus Lete. "Garai hartan zinegotzia zen eta asko lagundu zuen proiektuan, herriarentzat ona zela sinisten zuelako".

Foru Aldundiarekin jarri ziren jarraian harremanetan, proiektua azaltzeko, eta haiek ondo ikusi zuten. Inguruko eraikinen zati bat Udalarena zen, eta, leku egokiena erabaki ostean, kontratistekin tratu bat egin zuten lokalak ere Udalaren esku uzteko. Modu horretan, Udalari ez zion inolako gasturik ekarri eraikinak. Lanak egiteko behar zen dirua Foru Aldundiak jarri zuen: "Gutxi gorabehera, garaiko 30 milioi pezeta". Basaurik ezin izan du aipatu gabe utzi herritar batek zentroa laguntzeko egin zuen dohaintza: "Jose Arrizabalaga elgetarrak hiru miloi pezetako dohaintza egin zuen zentroa laguntzeko". Plaka baten bidez oroitzen da Arrizabalagaren dohaintza hura.

Harrotasunez eta pozez hitz egiten du alkate ohiak zentroaz: "Debagoienean egin zen gisa honetako lehen zentroa da hau, eta Gipuzkoa osoko lehenengoetakoa ere bai".

Zerbitzuak

Bitan banatu daiteke zentro balioanizduna: alde batetik, goiko solairuetan adineko hiru pertsona autonomorentzako 75 metro karratuko etxebizitza babestua dago; bestetik, azpian, zazpi lagunendako eguneko zentroa. Eguneko zentroak eskaintzen dituen zerbitzuak urte hauetan askorik aldatu ez direla dio Basaurik, eta baieztatu egin du Ane Etxeberria laguntzaileak: "Besteak beste, terapia egiten dugu, meza egiten da, irteerak daude, dutxa zerbitzua dugu eta abar". Hala ere, hobekuntza teknikoak egon direla dio Etxeberriak: "Lehen, janaria kanpotik ekartzen zen, eta orain, bertan egiten dugu. Gainera, garraio zerbitzu propioa dugu eta lehen taxi zerbitzuan mugitzen ziren erabiltzaileak". Aipatu beharrekoa da beste zerbitzu bat ere eskaintzen duela zentroak: bi pertsonarendako jantokia.

Erabiltzaile kopurua

Denborarekin gorabeheratsua izan da erabiltzaile kopurua; bereziki, eguneko zentroarena. "Hasiera batean, bizpahiru elgetarrek eman zuten izena", gogoratu du Basaurik. Hala ere, zerbitzuaren jarraikortasuna bermatu ahal izateko Eibarko zerbitzuarekin harremanetan jarri ziren, eta hango pertsonak Elgetara bideratu zituzten. Elgetako eta Eibarko erabiltzaileak izan dira nagusiki geroztik, eta egun ere horrela da: lau elgetar eta hiru eibartar. Hala ere, beste herri batzuetako erabiltzaileak ere izan dira; Bergara eta Antzuola, kasu.

Egun zazpi erabiltzaile dauden arren, une zailagoak bizi izan dituztela dio Etxeberriak: "Abuztu batean erabiltzaile bakarra izan genuen, eta zentroa itxi beharra egon zen; pertsona hura Antzuolara bideratu genuen".

Elgetarrak zerbitzuan parte hartzera animatu nahi ditu Etxebarriak, eta "beranduegi izan arte ez itxaroteko" eskatu. "Gaur egun adinduek gehiago aguantatzen dute etxean, eta pausoa ematera ausartzen direnerako berandu izan daiteke, eta zerbitzu hau motz geratu".

Bakardadea uxatuz

Erabiltzaileak oso gustura daude zentroarekin, eta bakardadea uxatzeko balio diela azpimarratu dute. "Oso gustura nago, leku ederra da hau. Beharrezkoa da eta niri asko laguntzen didate", dio erabiltzaile batek. "Pozarren etortzen naiz hona. Hamabi urte daramatzat etortzen eta beti izan dut harreman ona erabiltzaile guztiekin", dio beste batek. Zentroko giroa eta egiten dituzten ekintzak nabarmentzen dituzte guztiek. Zentrora joateak bizipoza ematen die, jendearekin egoteko aukera izaten dutelako.

 

"Ospakizun onena erabiltzaileekin tarte bat pasatzea da"

Saioa Alberdi: Ongizate eta Berdintasun zinegotzia

Nolakoa izango da hilaren 16ko ospakizuna?

Gure ustez, ospakizun onena erabiltzaileekin tarte bat pasatzea da, eta, horretarako, Udaleko hainbat ordezkari bertaratuko gara, haiekin goiz-pasa ederra egitera.

Edozelan ere, Elgetako erabiltzaile gutxi zeuden garai batean; zelan eman zitzaion buelta horri?

Hainbat kontzientziazio kanpaina egin ziren, Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik bideratuta. Kanpaina haietan zentroaren zerbitzuak azaltzen ziren, eta bizpahiru ate irekien jardunaldi ere egin genituen. Egoerari buelta eman zitzaion.

Nola finantzatzen da?

Zentroaren kudeaketa Udalarena da, eta hark Eulenen zerbitzuak ditu kontratatuta, baina finantzaketa osoa Foru Aldundiak ordaintzen du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak