Festa giroak jarrai dezala

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko eka. 28a, 09:00

Herri kirolen erakustaldia, iaz, jaietan.

Umeen eta Erretiratuen Eguna da gaur Elgetan. Jolas parkea, herri kirolak, erretiratuen bazkaria eta Ai ama, Xiberoots eta Estaka taldeen emanaldiak izango dira herrian. Gauean autobus zerbitzu berezia izango da Bergarara eta Antzuolara.

Atzo hasi ziren Ferixa Nagusiko jaiak, eta luze jo du gauak askorendako. Gaur, Umeen eta Erretiratuen Eguna da eta Ozkarbi elkarteak kuadrillei eskainitako hamaiketakoarekin eman diote hasiera askok.

Bi herri bazkari izango dira gaur. Umeen bazkarirako 70 neska-mutiko zeuden izena emanda eguaztenerako, eta azken ordukoak gehitzea aurreikusten dute antolatzaileek. Aurten Bolatoki tabernak emango du bazkaria eta, betiko moduan, Maala Guraso Elkartea arduratuko da banaketa egiteaz.

Erretiratuen bazkaria da eguneko beste klasikoetako bat. 60 bat lagun elkartuko dira mahaiaren bueltan, Espaloian. Aurretik, meza entzun eta jaietako argazkia aterako dute.

Herri kirolak

Herri kirolen erakustaldia ere izango da gaur herrian. Eguerdian hasita plaza barrenean izango dira lanean Urdax Magunazelaia, Ioritz Gisasola, Irati Astondoa eta Imanol Albizu Goikoetxe. Abadiñoko Magunazelaia eta Elgetako harakin Goikoetxe harri-jasotze lanetan arituko dira. Ioritz Gisasola eta Irati Astondoa, berriz, aizkorarekin arituko dira. Nork bere erakustaldia egingo du. Amaieran, berriz, binaka arituko dira; Gisasola eta Albizu, alde batetik, eta Astondoa eta Magunazelaia, bestetik.

Magunazelaia Euskal Herriko harri handien txapelduna da, Ioritz Gisasola Bizkaiko pentatloi txapelduna eta Irati Astondoak Banakako Urrezko Aizkolarien txapela lortutakoa da 2020an eta 2022an. Elgetarrak, berriz, gogotsu daude Imanol Albizu Goikoetxe berriro ere plazako lanetan ikusteko.

Herri kirolak eguerdiko kontua izango dira. Arratsaldean, 18:00etan, herritarren txanda izango da eta talde jolasetan parte hartzeko aukera izango du nahi duen orok. Azken orduko izen-emateen zain, lau talde daude izena emanda. Jai Batzordeak parte hartzera animatu ditu herritarrak. "Jolas interesgarriak daude", esan du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.

Herri bazkaria zapatuan

Herri Eguneko bazkaria izan ohi da jaietako ekitaldirik jendetsuena, eta aurten ere horrela izatea aurreikusten da. 14:30ean izango da bazkaria, plazan, eta, urtero moduan, 600 errazio paella misto eta 40 errazio begetariano prestatuko ditu Vicente Quintana paellariak. Goizean goizetik hasiko da lanean. Antzerako zeregina izango du Peio Bilbao elgetarra, hark prestatuko baititu 100 kilo saiheski. Txartelak salgai daude Lolan, Maialden eta Haizean, paella 6 eurotan eta saiheskia 4tan.

Bazkaldu aurretik, udal ordezkariek harrera egingo diete iazko jaietatik hona jaiotako hamabi neska-mutikoei eta haien gurasoei. Ekitaldia 12:00etan izango da, udaletxeko areto nagusian.

Ostean, Bergarako erraldoiak eta kilikiak herriko kaleetan ibiliko dira dantzan. Hirugarren urtez izango dira Ferixa Nagusiko jaietan eta aurten sei erraldoi –Peru, Marisa, Poxpolin, Kriskitin, Kotoi eta Mahoi– eta tamaina ertaineko lau –Elhuyar anaiak eta Pastelgileak– izango dira konpartsan.

Ondoren, 13:00etan helduko da herriko 30 bat umek eskainitako euskal dantzen ikuskizuna eta udalbatzaren soka dantza. Ibon Unzetabarrenetxea alkatea buru dutela herritarren aurrean egingo dute dantzan zinegotziek. Herrira iritsi berri direnek ere aukera izango dute soka dantzan parte hartzeko.

Domekan azoka

Urteroko azoka egingo dute elgetarrek Ferixa Nagusiko jaietako azken egunean, domekan. 45 bat postu izango dira baserritarren eta artisauen azokan, eta 40 bat idi pare ganadu azokan, ardiak, ahuntzak, behorrak, astoak, behiak eta txahalak ahaztu gabe. Kanpoko jende gehien erakartzen duen ekitaldia izan ohi da, eta aurten ere gomendioa da Pagatza industrialdeko aparkalekuak erabiltzea.

Pilota jaialdia

Domeka arratsaldeko pilota jaialdia izango da jaiotako kirol hitzordu garrantzitsuenetakoa. 17:00etan emango diote hasiera, udal pilotalekuan, eta ETBk zuzeneko emankizuna egingo du. Bi norgehiagoka daude iragarrita. Jaialdiko partidu nagusia bigarrena izango da: lau eta erdiko San Fermin torneoko Baikoko finala.

Peña II.a izango da finalistetako bat –Artola min hartuta dago– eta Laso edo Jaka bigarrena. Bi pilotariek gaur Sestaon jokatzekoa duten finalerdian erabakiko da nor sailkatzen den Elgetako finalerako.

Aldi berean, Elgetako finaleko irabazleak jokatuko du Aspeko pilotariaren kontrako final handia San Fermin egunean, Navarra Arenan. Jaialdiko lehen norgehiagoka binakakoa izango da: kantxan izango dira Lizeaga eta Ugartemendia atzelariak. Aurrelari lanetan arituko diren pilotariak erabakitzeke daude. Pilota jaialdirako sarrerak salgai daude Baikoren webgunean –25 euro– eta Bolatoki tabernan –20 euro–. Egunean bertan ere egongo dira leihatilan.

Gazte Asanbladarenak

Txosnaguneko egitarauari dagokionez, Aiama eta Estaka taldeen kontzertuak, gaupasero argazkia, bingoa, zumba saioa eta etxeko DJen emanaldiak daude aurreikusita domekara bitartean. Txosna zabalik izango da gaur eta bihar 18:00etatik aurrera eta domekan 11:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak