Ekainaren 29an izango da Herri Eguna, eta ohiko elementuekin dator. Aurreko eguneko festa argazki bidez amaituko dute, 07:00etan, eta 11:00etan ekingo diote, esna deiarekin batera.
Harrera jaioberriei
Ohitura da urte batetik bestera jaio diren elgetarrei harrera egitea udaletxean, eta aurten ere hala izango da. 12:00etan elkartuko dira udaletxean, eta, guztira, hamabi haur izango dira. "Kopuru handia da eta horrek poztu egiten gaitu", adierazi du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. Guztiek jasoko dute dagokien zapia, eta "baditugu opariak prest jaio-berrientzat", nabarmendu du Unzetabarrenetxeak.
Euskal dantzak eta soka dantza
Elgetako gazteek euskal dantzak egingo dituzte herriko plazan, 13:00etan hasita. 30 haur inguru izan dira dantzak entseatzen, eta hainbat dantza egingo dituzte; besteak beste, erromeriako dantzak, Bizkaiko dantzak eta propio sortutako dantza sinpleagoak.
Ostean, zinegotzien soka dantza hasiko da. Hil hasieran hasi zituzten entseguak. "Aurreko urtean ikasitakoa nabaritzen da, baina praktikatu beharra dugu", dio alkateak. Erroldatu berriak ere izango dira: "Batzuek esan digute dantza egiteko prest daudela; beste batzuei lotsa ematen die. Normala da, baina gomendatzen dugu dantza egitea, momentu berezia da".
Paella eta saiheskia
14:30ean izango da bazkaria. Urteroko menua izango da: paella erraldoia eta saiheski errea. 600 errazio paella misto egiteko asmoa duela adierazi du Vicente Quintana paellariak, eta 40 begetarianoak. Saiheskiak, berriz, 100 kilo izango direla esan du Peio Bilbao elgetarrak. Txartelak Lolan, Maialden eta Haizean eskuratu daitezke, paella 6 eurotan eta saiheskia 4tan.
Buruhandiak eta erraldoiak
Bergarako Erraldoi Taldearen eskutik buruhandiak izango dira, 18:00etan. Jaietan ohiko bilakatzen ari dira haiek ere.