Petti: "Gogotsu noa Elgetara; espero dut gau zoragarria pasatzea denen artean"

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko eka. 20a, 12:51

Juan Luis Perez Mitxelena Petti (Bera, 1973) Elgetara itzuliko da, aspaldiko partez. Bihar, barikua, egingo du emanaldia 20:00etan Ozkarbi elkartean. Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak eta Ozkarbi elkartean elkarlanean antolatutako kontzertua da. Sarrera 6 euro izango da; Goibekoko bazkideendako, 3 euro.

Lanpetuta ibili zara, ezta?

Aste honetan lasaiago, baina egia erran aste bukaeran kontzertu potentea izan dugu Bilbon eta Balerdi Balerdirekin ere izan dugu. Eta horrela gabiltza, bai.

Zer moduz joan zen Bilboko BBK Music Legends jaialdiko emanaldia?

Hagitz ongi, egia erran. Talde potenteak ziren eta gu lehenengoak izan ginen, eta ongi. Erraten den moduan, herri baterako hagitz ongi.

25 urte pasa dira lehen diskoa egin zenuenetik. Dozena bat etorri dira gero. Halako urteurrenek balio dute atzera begira jartzeko. Egiten duzu ariketa hori?

Egia erran ez dut gehiegi begiratzen atzera. Nahiago dut aurrera begiratzea. Atzekoa pasatu da eta hor ongi dago, baina horrela tokatzen denean begiratu behar da pixka bat nondik hasi ginen, eta hori ikusita, ikusten dugu nora goazen. Pixka bat horretarako da atzera begiratzea, baina gainerakoan ez dut gehiegi begiratzen, ez.

Eta ze ikusten duzu egindako ibilbidearen errepasoa egiterakoan?

Atzera begiratzen dudanean ikusten dut gehienbat zahartzen ari naizela; kar-kar. Ez, serio jarrita, ikusten dut nondik natorren, eta egindako ibilbidean hartutako esperientzia eta bidean ezagututako lagunak. Batez ere, horrekin gelditzen naiz.

Bakarka, taldean, beste musikari batzuekin… Formatu askotan aritu eta aritzen zara zu. Gustuen nola ibiltzen zara?

Gauza oso ezberdinak dira. Bakarka gustura ibiltzen naiz, taldean ere bai. Kantu eta formatu desberdinak dira eta monotonia horretatik ateratzeko ere balio du. Gutxien, akaso, bestelako kontuetan ibiltzen naiz; omenaldietan eta halakoetan. Pixka bat lekuz kanpo ikusten dut nire burua.

Elgetara zatoz. Behin baino gehiagotan egonda zaude. Noiztik ez zara etorri?

Ba, ideiarik ez dut, baina denbora asko. Urte pila ez naizela Elgetan egon. Ez dakit, hamar edo hamabost bat urte baino gehiago.

Ozkarbi elkartera zatoz. Ez dakit espazioaren inguruan zenbat dakizun baina makrokontzertuen garaiotan zer iruditzen zaigu euskara elkarte bat eta herriko elkarte bat elkarlanean hasi eta formatu txikiko kontzertuak antolatzeari ekitea?

Hagitz ongi dagoela. Halako espazio gero eta gutxiago daude eta gero eta gehiago behar dira. Bai elkarteak, bai tabernak, bai taberna txikiak… Hau da, makrokontzertuak ez direnak, gehienbat. Supermerkatu handiekin gertatzen ari den moduan makrokontzertu horiek txiki guztiak jaten ari dira eta behar beharrezkoak dira bereziki txikiak garenontzako.

Beste Beratar batzuk ere izan dira Ozkarbi elkartean; Beñardo Goietxe kasu. Musikari asko eman ditu Berak. Zer duzue herri horretan?

Ba ez dakigu, baina musikariak bagaude, bai.  Pentsatzen dut gustuko dugula musika. Mugaldeak ere izango du bere eragina, baina batez ere laguntza dela pentsatzen dut. Udaletxetik laguntza handia dugu: lokala eta argindarra doan dauzkagu, eta horrek ere laguntzen du eta animatzen ditu batez ere gazteak eta hasieran. Gero, musika eskola potente bat dago herrian eta musikaren kultura errotuta dago –bandak, txarangak, rocka, folka…– Pixka bat denetik dugu. Gazte guztiendako aukera dago eta gazteak ez garenontzako ere bai. Nire ustez hori izan daiteke.

Bakarka ariko zara bihar. Zer eskainiko duzu? Prest duzu kantutegia?

Ez. Bakarka egiten dudanean ez dut prest eramaten. Momentuan ateratzen dena egingo dut. Bakarka aritzen naizenean nahiago dut horrela egin; jendearen eta giroaren arabera erabakitzen dut zer egin. Batzuetan bluesa eskatzen didate, eta bluesa egiten dut. Beste batzuetan kantu konkretu batzuk eskatzen dizkidate, eta jotzen ditut… Bakarka ez dut errepertoriorik eramaten.

Bihar eskatzea libre, orduan?

Bai, eta nik ematea edo ez ere bai. Kar, Kar…

Lagun handiak ere badituzu Elgetan.

Bai, batzuk bai. Eta horregatik gogotsu noa, gogo aunitz ditut denak ikusteko berriz. Espero dut gau zoragarria pasatzea denen artean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak