Orain bi urte hartu zuen erretiroa Mertxe Amondarainek. Gazan gertatzen ari den guztiak asaldatu egiten du, eta ezer egiterik ez duela jakiteak samindu. "Nire lehen konpromisoa izan zen begiratzea, eta konpromiso oso gogorra da nahiz eta, akaso, txorakeria dirudien. Irudiak eta argazkiak edonon daude; hedabideetan, sare sozialetan, gobernuz kanpoko erakundeen webguneetan, Palestinako kazetari gehienak jarraitzen ditut", azaltzen du.
Hurrengo pausoa izan zen emozioa eragiten zioten argazkiak marraztea. "Lagundu nahi nuen nolabait eta zerbait egiteko eta akonpainatzeko beharrak bultzatuta hasi nintzen. Konturatu gabe gertatzen ari denaren kontaketa edo errelatoa egin dut".
Irudi grisak eta gordinak
29 piezak osatzen dute Elgetan ikusgai dagoen erakusketa. Irudi gogorrak dira eta Gazako biztanleen egunerokoa jasotzen dute; jatekoa lortzeko ilara amaigabeak egiten, aita bat negarrez hildako semea besoetan duela, emakumeak umeak babesean jarri nahian, umeak bakarrik, jendea ihesi, presoak...
Kolore grisa da nagusi. "Ez dut grisa sekula hainbeste erabili, eta ez dut gehiago erabiliko, baina une honetan grisa da guztia Gazan. Egia da badaudela puntu koloretsuak; zapata batzuk, lepoko bat, zapi bat… eta itxaropenaren ikur moduan hartuta nabarmendu egin ditut marrazkietan. Kolore puntu bakanak dira; izan ere, bizitzak jarraitzen du".
Ezinaren adierazpena
Tolosan jarri zuen erakusketa lehen aldiz Amondarainek, apirilean. "Jendea hunkitu egin zen. Uste dut dela erakusketa bat gelditu eta gertatzen ari denaz hausnartzeko. Hau da ezinaren adierazpena. Uste dut denak gaudela leku berean; gertatzen ari dena ikusten ari gara, eta ezin dugu ezer egin".
Rafaat Alareer idazle, irakasle eta ekintzaile palestinarraren olerki batek zabaltzen du erakusketa. "Hil egingo zutela abisua emanez dei bat jaso zuen. Bazekien hilko zutela, eta idatzi hori egin zuen. Niretzako oso esanguratsua da. Abenduan erail zuten".
Erakusketa eguaztenera arte egongo da zabalik. Jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era eta aste barruan 18:00etatik 20:30era. Ferixa Nagusiko azoka egunean ere zabalik izango da.