Noa Andueza: "Sekulako hilabetea da EuskarAbentura"

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko eka. 7a, 10:10

Seigarren espedizioa hastear da. Laugarren urtez hartuko du parte elgetarrak. Lehena partaide gisa egin zuen eta gainerakoak, begirale gisa. Errepikatzeko prest da. Azaldu duenez hiru debagoiendar gazte izango dira aurten parte hartzaileen artean.

Uztailaren 1ean hasiko da abentura eta Euskal Herriko zein diasporako 16 eta 17 urte arteko 127 gaztek zeharkatuko dute Euskararen Lurraldea. Oinez egingo dituzte 400 kilometro eta Noa Andueza Porcel (2003, Elgeta) izango dute begiraleetako bat. Elgetarrak ondo ezagutzen du EuskarAbentura; laugarren aldiz hartuko du parte. Zalantzarik gabe, gustuko duzu EuskarAbentura.

Parte-hartzaile moduan egin nueneko oroitzapen oso onak dauzkat.

Esango nuke EuskarAbentura dela gauza asko oso gutxirekin. Irteten zara zure etxetik motxila batekin non bi kamiseta eta bi praka sartu dituzun eta sekulako hilabetea pasatzen duzu. Sekulako jendea ezagutzen duzu eta Euskal Herri osoko lagun oso onak egiten dituzu.

Euskara ohiturak trinkotzeko egitasmoa da; lortzen du?

Elgeta euskara arnasgune bat da eta euskaraz bizi naiz ni, baina EuskarAbenturan parte hartu nuenean ikusi nuen Euskal Herriko txoko askotako gazteek ez dutela aukerarik izan euskaraz bizi ahal izateko, eta batzuendako badela hautu bat. Horregatik, nire kasuan bai izan zen hizkuntzarekiko kontzientzia hartze bat, eta gaur oraindik ere harremanetan nago nirekin EuskarAbentura egin zutenekin. Saretuta gaude eta urtetik urtera jende gehiago ezagutzen noanez esan daiteke Euskal Herriko txoko askotan ditudala lagunak.

Argi dago askotariko hizkuntza errealitateak ditugula; esango zenuke areagotu egin dela zure euskararekiko atxikimendua EuskarAbenturan parte hartu eta gero?

Bai. Ni beti bizi izan naiz euskaraz, baina uste dut euskararekin nuen harremana ez zela hain kontzientea. Esango nuke EuskarAbenturari esker gauzak beste modu batera ikusten ditudala, ikusi dudalako euskaraz hitz egitea badela hautu bat jende askorendako.

EuskarAbenturak ez du kosturik parte hartzaileendako; nola aukeratzen dituzue?

Zoritxarrez, plazak mugatuak dira. Hala, parte hartzeko interesa dutenek bi lan aurkeztu behar izaten dituzte: alde batetik, bideo bat nork bere burua aurkezteko; eta, bestetik, lan bat jarritako gaietako baten inguruan. Aurtengo gaiak izan dira euskara eta euskalkiak, emakumea eta kirola, eta utopia. Aurkezpen bideoak EuskarAbenturako kideok baloratzen ditugu, eta lanak Eusko Ikaskuntzako kideek baloratzen dituzte. Egia da gazteen jatorria, zein hizkuntza eremutakoak diren, euskararekiko duten atxikimendua, neskak edo mutilak diren eta abar ere kontuan hartzen ditugula; izan ere, Euskal Herriaren errealitate ezberdinen isla izan nahi du EuskarAbenturak. Hautaketa prozesua abenduan hasten da.

127 laguneko taldea osatu duzue; lortu duzue errealitate ezberdin horiek islatzea?

Nahiko egitura osatua gelditu da. Lapurtarrak, baxenabartarrak eta zuberotarrak hemezortzi izango dira, aurreko urteekin alderatuta bikoitza. Diasporako gazte bat ere izango dugu, Perukoa. Eta, gainerakoan, aurreko urteetan baino arabar bat gehiago izango dugu.

Begirale lanetan arituko zara aurten ere; zein izaten da zure lana?

Talde handia izatera, talde txikiagoetan antolatzen gara. Nire egitekoa izango da 12-13 laguneko talde batez arduratzea. Elkarrekin gosaldu, bazkaldu eta afalduko dugu eta hilabetez pertsona horien erreferentziazko begiralea izango naiz.

Atharratzetik abiatuko zarete, uztailaren 1ean.

Mauletik abiatu izan gara beti, eta aurten Atharratzetik. Zazpi probintziak zeharkatuko ditugu eta hartuko dugu autobusen edo trenen bat, baina puntuala izango da; izan ere, 400 bat kilometro egingo ditugu oinez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak