Ibon Unzetabarrenetxea alkateak kontu eman zuen Udalak superabit egoeran itxi duela 2023ko ekitaldia; 158.712,87 euroko superabitarekin, hain zuzen ere. "Kalte ordainetara bideratu dira 78.000 euro, eta gure zor bizia %21,61 da. Hau da, gure sarrera ohikoetatik %21,61 zorrak ordaintzera bideratzen dugu". Unzetabarrenetxeak gaineratu zuen gerakinetik erabilgarri gelditzen den diru-kopurua 341.174,58 eurokoa dela.
Jeltzaleek hiru ñabardura
Jeltzaleek modu positiboan baloratzen dute aurreikusitako sarreran %92 gauzatu izana, baina inbertsio errealen exekuzio maila eta lortutako diru-laguntza kopurua hobetu daitezkeela uste dute. "Gastuen %86 gauzatu da, baina xehetasunetan sartzen bagara ikusten dugu inbertsio errealen %37 gauzatu direla. Alarma bat piztu behar dugu; izan ere, %37 exekutatzea gutxi da", esan du jeltzaleen bozeramaile Iker Lakak. "Uste dugu unea dela esfortzu bat egiteko hurrengo urtean exekuzio maila hori igotzeko. Ez badira inbertsioak exekutatzen dirua geldi dago, eta herriak baditu beharrak. Baditugu jomugan proiektu batzuk: eskolako jangela, kiroldegi berria, eguneko zentro berria, liburutegia, Torrealdean utzita dagoen eraikina… Uste dut komeni dela bai Udal moduan eta bai Udal Gobernu moduan lehentasunak finkatzea eta erabaki batzuk hartzea gaitasuna dagoen heinean inbertsioak benetan gauzatzeko".
Beste erakundeetatik etor daitezkeen diru-laguntzen atala ere gehiago landu daitekeela uste dute jeltzaleek: "Kontu-hartzailearen txostenak dio aurreikusitako diru-laguntzen erdia bakarrik lortu dela. Azpimarratu nahi dugu zein garrantzitsua den beste erakunde batzuekin elkarlana indartzea finantzazioa lortzeko, ditugun proiektu horiek denak aurrera ateratzeko, eta Udalari esfortzu gutxiago kostatzeko", azaldu du Lakak.
Azkenik, gerakin garrantzitsua gelditu dela esan dute jeltzaleek, eta adostasun berriak lortzeko prest daudela. "Bere garaian lotu genituen akordio batzuk joan dira betetzen, eta espero dugu beste batzuk adostea eta elkarlanean gauza gehiago aurrera ateratzea. Hurrengo urteko foru funtsa, gainera, are eta handiagoa izango da eta dei bat egin nahi dugu lehentasunak jarri eta erabakiak hartzeko. Guk jarraituko dugu zuei eskua luzatzen; prest gaude ditugun erronken aurrean adostasunak lortzeko. Gainerako erakundeen aurrean ere laguntzeko prest gara. Gure aldetik badago kolaboraziorako nahia eta gogoa".
Exekuzio mailaren inguruan Ibon Unzetabarrenetxea alkateak azaldu zuen aurreikusitako inbertsio potoloenak –Arantzeta auzora ura eramatea eta San Roke kalean irisgarritasun lanak egitea– 2024ko ekitaldian gauzatu direla, eta ez 2023an. "Horregatik da exekuzio maila %37".
Diru-laguntzen kudeaketari buruz honakoa esan zuen: "Udal honek esfortzu handia egiten du diru-laguntzak eskatzeko. Egia da ditugun baliabideak ez direla nahi bestekoak ez daukagulako hainbeste teknikari eta langile eta diru-laguntzak eskatzeak esfortzu handia suposatzen duelako. Askotan, zinegotziok egiten dugu lan hori langileekin batera. Horrek ez du esan nahi eskatzeari lagatzen diogunik, eta bat nator Udalaren baliabideak ikusita diru-laguntzetan indarra jarri behar dugula. Eta zuk [Iker Laka] Aldundiari buruz duzun jakintasuna ondo dator jakiteko ze diru-laguntza lerro egon daitezkeen".
Gerakinarekin lotuta, alkateak esan zuen kopuru esanguratsua dela eta EH Bildu ere elkarlanerako prest dagoela. "Aurreikusten dugu zuekin negoziazio fase bat irekitzea erabakitzeko diru kantitate bat nora bideratu".