Pagatza Taldea Ixotzen kooperatibako bazkide laguntzaile bilakatu da mila euroko ekarpena egin duelarik. "Elgetari Ixotzenek eman diezaiokenean sinesten dugu eta elkarlanerako borondatea hasieratik erakutsi dugu", azaldu du Pagatza Taldeko arduradun Ion Aguirrebeña Garitanok. Hitzarmena sinatuta, Elgetako herriarekin eta trantsizio energetikoan bide egitea helburu duten dinamikekin duen konpromisoa berretsi nahi du Pagatza Taldeak.
Komunitatearekin ofizialki bat egiten duen Elgetako lehen enpresa da Pagatza Taldea, eta herri mailan benetako eraldaketa bat emateko horrek duen garrantzia azpimarratu dute Ixotzenetik. "Udalaren eta herritarren babesa hasieratik izan dugun moduan, benetako eragina izan nahi badugu beharrezkoa izango da herriko enpresen babesa jaso eta beraiekin elkarlaneko espazioak sortzea. Herriko gainontzeko enpresak ere pauso hau ematera animatu nahiko genituzke" , adierazi du Ixotzeneko lehendakari Roberto Sanz Satrustegik.
Bazkidetzarako aukera
Gaiarekin kontzientziatuta dauden enpresei deia luzatzen die Ixotzenek "konpromiso maila igo eta komunitatearekin elkarlaneko aukerak aztertzeko edo bazkide laguntzaile egiteko". Bide horretan, interesatutako orok aukera dauka ixotzen@gmail.com helbidearen bitartez komunitateko arduradunekin harremanetan jartzeko.