'Euskal Herriko Mendi Biltzarra' sortu dute Elgetan, Euskal Mendizale Federazioaren mendeurreneko ekitaldian

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko mai. 18a, 17:09

Gaur betetzen dira 100 urte Euskal Mendizale Elkartea Elgetan sortu zela. Hala, EAEko zein Nafarroako mendizaleen topagunea izan da herria; izan ere, bi federaziotan banatuta dauden klubek ekitaldi bateratuan ospatu dute mendeurrena. Aurrera begirako organo bateratua ere sortu dute, Euskal Herriko Mendi Biltzarra. Hainbat kirol proba, lehiaketa eta kultura ekitaldi modu bateratuan egingo dituzte aurrerantzean.

Mendiurreneko ospakizunak martxan daude urtarriletik Betidanik betiko lelopean, baina gaurkoa izan da mendeurreneko ekitaldi nagusia. Ibarrako Alurr dantza taldearen aurreskuarekin eman diote hasiera ekitaldiari Elgetako Mendizaleen Plazan. Zalantza barik mendizaleena izan da gaur plaza; izan ere, mendizaletasunarekin lotutako aurpegi ezagun asko zeuden ordurako.

Lehenengo egitekoa mendeurreneko plaka erakustea izan da. Euskal Mendizale Federazioko presidente Zigor Egiak eta Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioko presidente Martin Montañesek erakutsi dute. Plaka udaletxeko fatxadan ipiniko dute eguaztenean; hain zuzen ere, 25., 50., eta 75. urteurreneko plaken aldamenean.

Egia eta Montañes mendizaletasunaren garrantziaz aritu dira, eta esan dute euskal kulturan guztiz errotuta dagoen zaletasuna dela, "batzen gaituen zaletasuna" dela. Azpimarratu dute, baita ere, emakumeek mendiarekin lotutako jardueretan beti izan duten presentzia. "Ez dira lehen lerroan egon. Gizonok baino zailagoa izan dute, baina lanean izan dira beti. Gauzak hasi dira aldatzen, baina oraindik badugu bidea aurretik", esan du Montañesek.

Omenaldiak eta aitortzak

Ehun urteko atzera begiratuan azpimarratzekoak diren izen eta une asko nabarmentzen dira. Elgetan gaur egindako ekitaldian, esaterako, Euskal Mendizale Elkartearen sorreran izan ziren bost mendi elkarte omendu dituzte: Baskonia Mendi Taldea, Bilbao Alpino Club, Club Deportivo Bilbao, Eibar Klub Deportibo eta Fortuna Kirol Elkartea. Oroigarri bana jaso dute ordezkariek.

Bi federazioetan presidente izandako lagunak ere omendu dituzte, eta tartean zen Alvaro Arregi arrasatearra. Denen izenean bi lagunek hartu dute hitza, tartean 1992tik 1996ra Nafarroako Mendizale Federazioko presidente izandako Cari Velezek. Presidente kargura iritsitako lehen emakumea izan zen. Sorrerako Euskal Mendizale Elkartea bitan banatu zeneko garaiak izan ditu gogoan, eta, horrekin batera, mendian eta mendizaletasuna bultzatzeko lanean aritu diren eta ari diren emakumeak. Denei egindako aitortza izan da aginte-makila Nafarroako Mendizale Federazioko Karmele Biurruni eta Miren Aizmendiri ematea.  

Ordezkari politikoek ere hartu dute hitza ekitaldian. Eusko Jaurlaritzaren izenean Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak egin du berba, eta Nafarroako Gobernuaren izenean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Mari Aierdik. Biek azpimarratu dute ingurunea zaintzearen garrantzia eta mendizaleek ehun urteko historian egindako lana. Etorkizunera begirako erronkak ere aipatu dituzte.

Ekitaldian ez da Ipar Euskal Herriko ordezkari politikorik izan, baina bai Baionako Auñamendi Mendi Elkarteko Rafa eta Pantxika Valdivielso. Kataluniako eta Aragoiko mendi federazioetako ordezkariak ere izan dira gaur Elgetan.

Elkarlanerako organo berria

Aitortzen eta omenaldien ostean aurrera begirako organo berria aurkeztu dute bi federazioetako arduradunek. Euskal Herriko Mendi Biltzarra jaio da gaur Elgetan. Harremanak estutzeko eta lankidetza sendotzeko sortutako organo iraunkorra da. Aurrerantzean ekimen bateratu gehiago egingo dituzte bi federazioek elkarlanean. "Autonomia Erkidegoen banaketa dela-eta, ezin gara modu ofizialean federazio bakarra izan, eta, hori horrela Euskal Herriko Mendi Biltzarra sortu dugu. Gure organo bateratua izango da", azaldu du Zigor Egiak. "Euskal Herriko kopak antolatuko ditugu diziplina desberdinetan, Nafarroan egiten duten Erdiguneko Ibilbidea eta hemen egiten dugun Besaide Eguna elkarrekin egingo ditugu, eta umeen zein beteranoen mendi martxak elkarrekin egingo ditugu urte batean hemen eta hurrengoan Nafarroan, txandaka. Pyrenaica aldizkaria ere federatu guztiei iritsiko zaie". 

Nafarroako federazioko presidente Martin Montañesek ere organo berriaren onurak azpimarratu ditu: "Bi federazioak ez dira inoiz guztiz bananduta egon. Garai onak eta ez hain onak izan ditugu, baina harremana egon da beti, eta erakunde berri honekin harremanak sendotu eta estutuko dira. Helburua da, besteak beste, hainbat kirol proba eta kultura ekintza bateratzea, eta mendizaletasunaren museoaren proiektua bultzatzea".

Elgetako alkate Ibon Unzetabarrenetxea izan da azkena hitza hartzen. Bertaratutako guztiei ongietorria emateaz gainera, euskal mendizale guztiak zoriondu ditu ehun urteko ibilbidearengatik. Azpimarratu du Euskal Mendizale Federazioaren sorreran Elgetak izandako garrantzia, eta esan du mendeurrena ez dela helmuga baizik eta bigarren mendeurren baten abiapuntua: "Gailur berriak eskalatzeko eta inguru berriak esploratzeko" daudela esan du. "Gora mendizaleak! Zorionak denei!", amaitu du.

Talde argazkia eta bazkaria

Talde argazkiarekin amaitu da ekitaldi instituzionala. Ondoren, txaranga bat ibili da kalez kale Elgetan bazkaltzeko ordua heldu arte, eta 350 lagun elkartu dira mahaiaren bueltan Elgetako frontoian.

Gainerakoan, ikusgai dago Espaloia kafe antzokian Gailurretan izan gaitun erakusketa ibiltaria. Maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak