Nabarmentzekoa herriko eragileek Puntaik Punta jaialdian egindako ekarpena

Julen Murua Mesonero 2024ko mai. 17a, 10:09

Adin guztietako jendeari zuzenduta, askotariko ekintzak izan ziren aurreko aste bukaeran, Elgetan. Kultur ekitaldiak, azokak eta mendi irteerak nabarmendu daitezke. Herriko eragileek parte hartze handia izan zuten jaialdian. Udalak eta Mankomunitateak hurrengo astean egingo dute balorazio-bilera.

Zortzigarrenez egin da aurten Puntaik Punta bailaran, Debagoieneko Bidezidorren Jaialdia, eta egitarau zabala izan zuten eskuragarri bertaratuek. Eguraldia lagun izan ez bazuten ere, Geure(r)a dantza bertikalaren ikuskizuna izan zen bertan behera gelditu zen bakarra.

Nabarmentzekoa izan zen Gozategi taldearen kontzertua, jende gehiena batu zuen emanaldia izan baitzen. Elgetako Udaleko eta Debagoieneko Mankomunitateko ordezkariek ez dute oraindik jaialdiaren gaineko baloraziorik egin; datorren astean dute batzarra, besteak beste, gai hori lantzeko.

Herriko eragileen ekarpena

Hainbat ekintza antolatu zituzten herriko eragileek; besteak beste, Herrixa dantzan dantza-festa, Kantsatzeke mendi taldearen irteera, astrotopaketa eta herri-burruntzia. Agustin Beretxinaga izan zen herri-burruntzian txahala erre zuena: "230 kilo ingurukoa", hain zuzen. "Jende gutxi samar" hurbildu zela dio Beretxinagak, besteak beste, eguraldia kaxkarra izan zelako. Zapatuan 22:00etan jarri zuen haragia erretzen, eta, hamalau ordu geroago, 12:30ean, hasi ziren errazioak banatzen bertaratu ziren guztiei. "Erre genuen txahalarekin, normalean, 1.200 bat pintxo atera daitezke, eta guk 800 bat atera genituen. Eguraldia dela eta, espero baino jende gutxiago etorri zen, baina bertan izan zirenak gustura aritu ziren, eta gu ere bai. Batzuek pintxoa errepikatu eta guzti egin zuten, eta, oro har, giro ona izan genuen".

Egitekoarekin pozik amaitu zuten astrotopaketako antolatzaileek ere. Gorka Buruagaren esanetan, "60 bat pertsona" batu ziren ekimenera, eta, "zerua estalita" egon arren, "ilargia ikusteko" eta, "besteak beste, konstelazioen mitologiaren gainean" aritzeko aukera izan zuten. Horrez gain, Mendratxu –Intxorta Txiki bezala ezaguna– nola argiztatzen zen ikusi zuten, eta "izugarria" izan zela dio Buruagak.

Kantsatzeke mendi taldeko kideek antolatutako irteeran parte hartu zuten ia 140 lagunek argiztatu zuten Intxorta Txiki, eta, bertako kide Enaitz Ezpeletaren hitzetan, "berezia eta hunkigarria" izan zen unea: "Balorazioa oso positiboa da. Askotariko profilak elkartu ginen, eta espektatiba guztiak gainditu zituen".

Eragile horiez gain, aipatzekoa da Gazte Asanbladak, Amantalak talde feministak eta Goibeko euskara elkarteak kudeatu zutela plazan kokatutako txosna. Bestetik, Unai Cantabrana abeslari elgetarraren kontzertua izan zen zapatu eguerdian plazan.

Argazkiak: Elgetako Udala

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak