Zigor Egia: "Euskaldunok DNAn dugu mendizaletasuna"

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko mai. 10a, 09:30

Zigor Egia.

Sorrerako agirietan jasota dago: Elgeta da euskaldunen mendi-hiriburua. Bat dator Federazioko presidentea. Mendeurreneko ekitaldi nagusira gonbidatu ditu mendizaleak.

Ehun urte dira Euskal Mendizale Federazioa Elgetan sortu zela. Mendeurreneko ekitaldiak urtarrila ezkero daude martxan, baina ekitaldi nagusia sorterrian izango da, hilaren 18an. Federazioko presidente Zigor Egia (Amurrio, 1975) erakundearen garrantziaz aritu da.

Orain arteko ekintzak ondo doaz?

Parte hartze handiarekin. 100 urte, 100 mendi ekimenean mendi talde askok hartu dute parte. Federatuta 40 urtetik gora daramaten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mendizaleak omendu ditugu, eta ikusarazi dugu asko direla. Pozik gaude Mendiurrenak daraman martxarekin.

Euskaldunok zainetan daramagu mendizaletasuna?

Nire ustez, DNAn daramagu. EAEn 50.000 federatu gara, Nafarroan 14.000 dira. Kalkulatzen dugu %30 direla emakumeak. Futbol Federazioak baino federatu gehiago ditugu eta esan behar da federatu bako mendizaleak asko direla. Esan ohi dugu Euskal Herriko etxe guztietan daudela mendiko botak eta motxila, eta hori ez da leku guztietan gertatzen.

Nola dator datorren zapatuko ekitaldi nagusia?

Ilusio handiarekin prestatu dugu. Ez dira asko ehun urte betetzen dituzten erakundeak, eta ospatu egin behar da. Mendiurreneko ekitaldi nagusia da Elgetan egingo duguna. Ezin liteke bestela izan; Euskal Mendizale Federazioa Elgetan sortu zen eta Elgetan ospatu izan dira urteurren garrantzitsuenak: 25, 50 eta 75 urte. Horrekin batera, beste hainbat bilera eta batzar.

Zergatik aukeratu zen Elgeta bere egunean?

Kokapen geografikoagatik. Helburua zen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako mendizaleak elkartzea, eta Elgeta nolabaiteko erdigunean zegoen. Gero, herriak ondo erantzun zuen. Ez da kasualitatea plaza nagusiaren izena Mendizaleen plaza izatea.

Hasieran, Federazioak Nafarroako, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko mendizaleak batzen zituen; gaur egun, bi federaziotan banatuta zaudete. Banaketa noiz gertatu zen?

1978an, autonomia erkidegoak sortu zirenean. Elgetako ekitaldian aurkeztuko dugu Euskal Herriko Mendi Biltzarra. Bi urte daramagu prestatzen eta ekitaldian bertan azalduko dugu zer den eta zertarako sortzen dugun, baina ideia da harremanak estutzea eta elkarlana bultzatzea.

1924ko mendizaleen eskaera nagusiak ziren mendi bideak zabaltzea eta seinaleztatzea, iturriak eta aterpeak eraikitzea, gidak sortzea... Gaur egun?

Federatuta dauden mendizale guztiek istripuetarako asegurua dute gaur egun. Gero, goimendi eskolak ditugu –bat lurraldeko–, alpinisten teknifikazio taldea eta nazioartean ere lehiatzen diren bost euskal selekzio –mendi lasterketa, mendi eskia, ipar martxa, eskalada, orientazioa–. Pyrenaica aldizkaria ere ekoizten dugu; lau zenbaki jasotzen dituzte federatuek urtero. Horietan jartzen dugu indarra, eta gure mendien kontserbazioan. Kezkatuta gaude mendietan tamaina handiko haize-errotak jartzeko proiektuekin.

Ekitaldi instituzionala eta bazkaria aurreikusten dituzue hilaren 18rako Elgetan.

Bai; oroitzapen plaka baten aurkezpena [bi daude gaur egun udaletxeko fatxadan] eta aitortza ekitaldia ere bai. Ehun urtetik gora dituzten mendi elkarteak eta Euskal Mendizale Elkarteko presidente ohiak omenduko ditugu.

Bazkarirako eman daiteke izena?

Bai; bazkaria Elgetako frontoian egingo dugu eta Euskal Mendizale Elkartearen webgunean eman daiteke izena. Ekitaldi nagusiko egitaraua eta Mendiurreneko egitarau osoa ere bertan kontsulta daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak