Eskolen Urmaelen Sarean kokatuta dago proiektua, eta Elgetako eskolan hainbat proiektu egiten dituzte urtean zehar, bertako bioaniztasunaz jabetzeko. Atzoko saioan, Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologo Ion Garin izan zen saioa gidatzen. Aurrena, eskolan, burruntzien eta sorgin-orratzen gaineko erakusketa bat bisitatu zuten herritarrek. Izan ere, urmaeletan izaki bizidun hauek duten garrantzia azpimarratu zuen Garinek.
Erakusketa ikusi ostean, San Roke osteko urmaelera abiatu zen taldea, eta bertan, Aranzadiko adituaren eskutik, laginketa berezi bat egin zuten. Bi urte hauetan putzura heldu diren intsektu ezberdinak eta landareak aztertu zituzten bertan. Oraindik ez da anfibiorik heldu urmaelera, baina Garinek azaldu zuen agertuko direla: "Oraindik denbora eman behar zaiela uhandreei eta igelei, intsektuez ez bezala, lurretik iritsi behar direlako putzura".