Euskal Mendizale Federazioak Elgetan egingo du 'Mendiurreneko' ekitaldi nagusia, maiatzaren 18an

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko mai. 6a, 14:48

1924ko maiatzaren 18an sortu zen Euskal Mendizale Federazioa (EMF). Elgetan egin zuten sorrera ekitaldia eta jendetsua bezain ilusionagarria izan zen indartzen zihoan euskal mendizaletasunaren bidean. Ondoren etorri ziren herrian egindako beste hainbat batzar. Bi aste eskas gelditzen dira mendeurren egunerako, eta hasita dago forma hartzen.

Urtemuga borobila da eta batera ospatuko dute Euskadiko federazioak eta Nafarroakoak. Batera sortu zuten Euskal Mendizale Federazioa 1924an. Gero, barne arazoak eta 36ko altxamendua tarteko bi zatitan banatu zen erakundea; alde batetik Nafarroa eta bestetik Gipuzkoa-Bizkaia-Araba.

Elgetako Udala harremanetan da bi federazioetako ordezkariekin, eta maiatzaren 18ko egitaraua aurkeztu dute. Mendeurreneko ekitaldi nagusia Elgetan izango da bi aste barru. Bazkarirako izen-ematea, esaterako, zabalik da.

Urteurreneko ekitaldiak hasita daude urtarriletik. Ekitaldi sortari Mendiurrena ipini diote izena, eta martxa onean doazela azaldu du Euskadiko federazioko presidente Zigor Egiak. "Aurreko asteburuan egin genuen 100 urte, 100 mendi ekimena eta mendi talde askok hartu dute parte. Aurretik egindakoek ere erantzun polita izan dute”.

Euskal Herriko Mendi Biltzarra

Elgetako ekitaldi nagusian, besteak beste, Euskal Herriko Mendi Biltzarraren aurkezpena egingo dute bi federazioek. "Bi urte daramagu prestatzen. Maiatzaren 18an aurkeztuko dugu Elgetan eta bertan azalduko dugu zer den eta zertarako sortzen dugun", esan du Egiak.

Bien bitartean, izan dira pare bat keinu Elgetan aurreko hilabeteotan. Martxoaren 12an Ibiltarien Jaiko bazkarian hainbat erreferentzia egin zitzaizkion mendeurrenari eta Federazioko zuzendaritzako kideek Elgetan egin zuten Korrikako kilometroa martxoaren 20an; 1500. kilometroa , hain zuzen ere.

Euskal Federazioko presidente Zigor Egia apirilaren 27an Intxortan Patxi Egia aitarekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak