Ixotzen-ek martxan du bazkidetza-kanpaina

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko mar. 1a, 10:00

Energia komunitateak egindako informazio bilera bat. (Argazkia: Ixotzen)

Orain urtebete egin zuten energia berriztagarrien komunitate bat sortzeko egitasmoaren berri emateko batzar irekia Elgetan. Kooperatiba izaera du Ixotzen komunitateak, eta egunotan ekin diote bazkidetza-kanpainari.

"Hasierako helburuak forma hartzen joan dira", esan du energia berriztagarrien kooperatiban sartzeko interesa duten herritarrendako egindako azken batzarrean errektore kontseiluko kide Enaitz Ezpeletak. Momentuko egoeraren eta dagoeneko zabalik den bazkidetza-kanpainaren berri jaso dute bertaratutakoek.

Kooperatiba, eratuta

Kooperatiba eratuta eta martxan dago, eta kontseilu errektoreko kideak dira hasiera bateko bazkide erabiltzaileak. "Hilero batzartzen gara eta harremanetan gaude inguruko beste energia komunitate batzuekin: Berener, Goiener, Argiñola, Oreka, Ekiherri eta Hitzar", azaldu du Ezpeletak.

D2030 ekimenak ere hasieratik egin du bat Elgetako energia berriztagarrien komunitatearen proiektuarekin, eta bazkide laguntzaileak hiru dira, oraingoz: Elgetako Udala, Fagor Taldea eta Pagatza Taldea. "Kooperatibaren estatutu sozialak onartuta daude, eta bazkidetza-kanpainari ekin diogu orain".

Atzo, eguena, informazio-mahaia jarri zuten herrian Ixotzen kooperatibako kideek. Egingo dituzte halako ekimen gehiago. Bazkide egin nahi dutenendako, bestetik, lotura hau dago erabilgarri: labur.eus/ixotzen_bazkide.

Bazkide egiteko 40 euroko ekarpena egin behar dute pertsona fisikoek eta 100 eurokoa pertsona juridikoek – elkarteek, herriko dendek eta enpresek–. "Hortik aurrera, bazkideen erabakia izango da egingo diren proiektuetan sartu edo ez".

Informazioa helaraztea da orain energia komunitateko kideen helburu nagusia. Edozein zalantza argitzeko, nahikoa da kooperatibako kideengana jotzea, eta eskura dago, baita ere, ixotzen@gmail.com helbide elektronikoa.

Instalazio fotovoltaikoa

Jakinekoa da Ixotzen kooperatibaren lehen proiektua frontoiko teilatuan jartzekoa den plaka fotovoltaikoen instalazioa dela. "Udalak onartuta du obra-baimena eta sinatuta dago lagapen-hitzarmena. Horrekin batera, Iberdrolak onartu du instalazioaren espedientea, eta -zenbatekoa zein izango den oraindik ez badakigu ere- Energiaren Euskal Erakundeak (EVE) onartu du dirulaguntza eskaera. Bestalde, Fagor Taldeak egindako 50.000 euroko ekarpenarekin ordainduko da obraren aurrekontuaren %40". Aurrekontua 50.854,71 eurokoa da. Kooperatibako arduradunek aurreikusten dute Aste Santutik udara bitartean egingo dela instalazioa.

Proiektu horretan oraingoz interesa agertu duten familiek jaso dute egindako potentzia banaketaren eta kalkulatutako ekarpen ekonomikoaren gaineko informazioa.

Aurkezpena eguaztenean

Aurkezpen-saio bat ere iragarri dute, martxoaren 6rako. Ixotzenek, D2030 ekimenak eta Elgetako Udalak antolatuta, Tecnaliak D2030endako egin duen azterketaren emaitzak azalduko dituzte. Tecnaliak Debagoieneko egoera energetikoaren diagnostikoa eta ahalmenaren estimazio bat egin du. Alegia, biomasatik eta Debagoieneko teilatuetan plaka fotovoltaikoak jartzetik zein energia eskari hornitzera iritsiko litzatekeen. Emaitzen berri emango dute.

Kooperatibaren eratze-prozesuan eta plaka fotovoltaikoen instalazioan zentratuta daude komunitateko ordezkariak, baina bestelako proiektuak garatzeko asmoa ere badagoela adierazi dute; gas propanoari alternatibak bilatzea, aholkularitza-zerbitzu bat martxan jartzea eta minieolikoen gaineko azterketa bat eskatzea, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak