Pare bat lur-zati daude libre baratze parkean

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko ots. 16a, 18:00
Alicia Garcia, Miren Argi Zeziaga eta Miren Ibarbia baratze parkean.

Elgetako baratze parkeak 50 metro karratuko hogei lur-zati ditu. Erabiltzaile gehienak hasieratik daude eta guneak erabilera ona izan du zabaldu zenetik, 2015eko ekainean. Interesatu berriek udaletxean egin behar dute eskaera.

Bost lur-zati zeuden hutsik eta otsailaren 6an abiatu zuen Udalak horiendako erabiltzaile berriak aurkitzeko kanpaina. "Hiru eskaera jaso ditugu dagoeneko; Elgetako eta Eibarko jendea da", azaldu du Ingurumen zinegotzi Miren Ibarbiak. "Argi dago: proiektuak interesa pizten du".

Ekainean beteko dira bederatzi urte baratze parkea zabaldu zela. Hasieratik kudeatzen dute lur-zati bana Miren Argi Zeziagak eta Alicia Garciak. "Lagun batekin hasi nintzen, bien artean arduratuko ginelakoan. Besteak laga egin du eta nik hemen jarraitzen dut. Niretzat deskubrimendu bat izan da: zerbait landatu, hazten ikusi, jaso eta gero jan. Oso polita da", dio Garciak.

"Piperrak, lekak, kalabazinak, letxugak... erraz eta asko irteten dira. Dendan, dagoena hartu behar duzu. Hemen, zuk erabaki dezakezu zein unetan jaso; tamainaren edo samurtasunaren arabera...". Dena, ordea, ez da beti hain erraza. "Tomateak zailak dira; nork aterako dituen ikus-mina egoten da taldean", gehitu du Zeziagak.

Biek nabarmendu dute taldean dagoen laguntasun giroa: "Asko hasieratik gaude, eta konplizitate handia dago. Harreman berriak egiteko ere oso egokia da", dio Garciak. "Etortzen naizenean, egia esan, oso gustura egoten naiz. Buruarentzat ere mesedegarria da", dio Zeziagak.

Funtzionamendua

Elkarte izaera du baratze parkeko komunitateak. Gaur egun, Javier Valle da presidentea eta Fernando Albeniz idazkaria. Urtean 100 euroko kuota ordaintzen dio erabiltzaile bakoitzak Udalari lurraren erabileragatik, eta elkarteko gastuak ordaintzeko beste 20 bat euro ipintzen dituzte. "Denon erabilerarako dauden erremintak partekatzen ditugu, eta bakoitzak bere kutxatilategia du txabolan. Zerbait apurtzen bada, ordezkatu egiten da. Lurra lantzeko makina eta sasi-garbitzeko ma- kina ere erosi genituen. Orduan, diru apur bat gehiago jarri genuen".

Ekologikoan ekoiztu behar da baratze parkean. "Batzuek asko dakite eta urte asko daramate hemen. Laguntzeko prest daude beti. Gainera, denak joaten gara, gutxi gorabehera, batera. Orain, esaterako, lekekin ari gara denak. Alde horretatik, ez dago batere arazorik. Nik asko ikasi dut ingurukoengandik", aitortu du Garciak.

Hutsik dagoen lur-zati bat nahi duenak udaletxean egin behar du eskaera. "Berehala jartzen dira gurekin harremanetan, eta hutsik dauden lur-zatien artean egokiena zein den azaltzen diogu interesatuari", dio Zeziagak. "Gutxienez, urtebeteko konpromisoa eskatzen da", zehaztu du Garciak.

Hasieran, soilik elgetarrendako zen baratze parkea. Orain, zabalik dago kanpokoendako ere, eta elgetarrek lehentasuna dute. "Bada kanpoko jendea, eta oso ondo. Eibartarrak dira, gehienbat", diote Zeziagak eta Garciak.

Nekazaritza iraunkorra

Proiektuak garrantzi handia du Udalarentzat. "Sustatzen dira nekazaritza-praktika iraunkorrak, ingurumen-jasangarritasuna, herritarren partaidetza, eta horrekin batera bultzatzen dira tokiko elikagaien segurtasuna zein azpi-erabilitako espazioen biziberritzea", dio Miren Ibarbia zinegotziak.

Herritarrek ingurumen-jardueretan parte hartzea eta hiri-nekazaritza zein iraunkortasuna sustatzea garrantzizkoak dira Udalarendako. "Lur-zatien okupazio-tasa handiak eta herritarren etengabeko interesak –jaso berri diren eskaeretan islatzen da– proiektuak komunitatearentzat duen arr kasta eta garrantzia erakusten dute", gehitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak