Hamar urte bete ditu Elgetako 'Ipuinen Ordua' ekimenak

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urt. 19a, 09:30

Ipuinen Ordua ekimenean kontulari aritzen den boluntario taldeko hainbat kide.

Liburutegiaren gidaritzapean eta herriko boluntario talde baten eskutik ohikoak dira Ipuinen Ordua dinamikako saioak Elgetan. Badira hamar urte ekimena jaio zela. Hemezortzi kontulari aritu dira bertan. Otsailean egingo dute 100. saioa.

Auzolanean egiten da Ipuinen Ordua, eta hasierako harrera ona izaten jarraitzen du sortu eta hamar urtera. Urtemuga borobilerako ekintza bereziak prestatu dituzte. Gaurko Ipuinen Ordua 99. saioa izango da, eta berezia egiturari eta edukiari dagokionez. Kartel lehiaketa, Maite Franco kontulariak gidatutako bi saioko tailerra eta otsailaren 14ko Kontularien Topaketa ere egingo dituzte datozen asteetan.

Kultura etxeko korridoreetan, bestalde, hamar urteotako irudiekin osatutako erakusketa egongo da. "Gaur hasi eta otsailaren 16ko saiora bitartean –100. saioa izango da– egingo ditugu ekintzok", azaldu du udal liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak. "Kalkulatzen dut egindako ia 100 saioetan 3.000tik gora entzule egon direla. Ez dago Ipuinen Ordurik entzulerik gabe, baina ezta ere kontularirik gabe. Kultura etxean jarritako erakusketa bada pertsona haiei leku bat eman, eta egin duten ahalegina aitortzeko modua", ziurtatu du.

Hamar urtean hainbat aldaketa

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeei zuzendutako ipuin kontularitza saioak egiten dituzte liburutegian. Bariku arratsaldeetan izaten dira eta hiru bat astean behinekoa da maiztasuna gaur egun.

"Kontularien prestutasunaren arabera hilean behinekoa zein bi astean behinekoa ere izan da. Esango nuke ikasturteko 11-12 saio izaten direla, hiru adin tartetan banatuta", azaldu du Ezpeletak. "Liburutegi txikietan aurrekontua, normalean, txikia izaten da ekintzetarako, eta umeendako zerbait antolatzeko helburuarekin sortu zen Ipuinen Ordua. Banuen euskarazko ahozkotasunari lekua emateko nahia, eta hainbat lagunengana gerturatu nintzen ipuinak kontatzera animatuko ote ziren eskatzeko. Erantzuna positiboa izan zen, eta, hasieran gutxi baginen ere, denborarekin jende berria sartu da. Hamar urteotan sartu-irtenak ere egon dira; hemezortzi boluntario pasa dira hemendik. Gaur egun, bederatzi gaude aktibo, eta hiru gaude hasieratik", azaldu du Ezpeletak.

"Gogoan dut Saroa Bikandirekin egindako lehen formakuntza; umeen adinaren arabera ipuinak nola aukeratu aholkuak eman zizkigun. Hamar urteotan halako zazpi lantegi egin ditugu, eta zortzi profesional pasa dira hemendik: Saroa Bikandi, Virginia Imaz, Bego Gomez (Bego Alabazan), Eneko Haritza, Maider Galarza, Pedro Ruiz (Pedro Alabazan) eta Amaia Elizagoien. Beti gerturatu da jendea; batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago. Otsailean Maite Franco etorriko da".

Bi saioko tailerra egingo du ipuin kontalari irundarrak; otsailaren 7an eta 15ean izango dira. Izen-ematea zabalik da. Plaza mugatuak dira, eta, boluntario taldeko kideek lehentasuna izango dutela kontuan hartuta, komeni da gainerako interesatuek lehenbailehen egitea izen-ematea.

Gaztetxoak ere kontulari

Ipuinak entzuteak eta gertuko helduak eginkizun horretan maiz ikusteak bestelako dinamikak ere eragin ditu. Horien artean da Gu ere kontulari izenekoa. "Elgetako neska-mutikoak ipuinak entzutera ohitu dira; kanpotik etortzen diren kontulariek ere esaten dute nabaritu egiten dela ipuinak entzutera ohituta dagoen publikoa dela. Horregatik, akaso, haiek ere ipuinak kontatzeko nahia agertu zuten. Hala sortu genuen Gu ere kontulari proiektua", dio Ezpeletak.

Liburuzainak deialdi irekia egiten du eta emanaldian parte hartu nahi duen edonork aukera du izena emateko. "Martxan egon zen hainbat urtez, eta harrera oso onarekin, baina eten egin zen pandemiarekin eta iaz berreskuratu genuen. Ikasturte honetan ere egingo dugu saioren bat; pare bat egiten saiatuko gara", esan du liburuzainak.

Harrobia ere badator, beraz, eta entzuleak zein kontulariak dauden bitartean kontularitzak bizirik jarraituko du Elgetan.

 

Taldeko boluntario Maria Mendazona saioa egiten. 

 

Kontulari boluntarioak, Maider Galarzarekin egindako tailerretako batean.

 

Neska-mutiko taldea ipuin saioa egiten Bego Alabazanen gidaritzapean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak