Pentsio sistemarekin eta zaintza ereduarekin lotutako mozioak desadostasun iturri

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko abe. 27a, 16:28

Atzo Elgetan egindako udal osoko bilkura. (Aner Fernandez)

Elgetako udalbatzak atzo egin zuen urteko azken osoko bilkura. Udal ordezkariek aho batez onartu zituzten Oinherri Herri Hezitzaileak Sustatzeko elkartera bazkidetzea zein Ikastetxeklik Fundazioarekin Udalak duen hitzarmena berritzea. Pentsio sistemarekin eta zaintza ereduarekin lotutako mozioen inguruan, aldiz, ez zen adostasunik egon.

Hamar puntu zituen atzoko osoko bilkuraren gai zerrendak. Udalbatzak aho batez onartu zituen lehenengoak. Esaterako, Elgetako Udala Oinherri Herri Hezitzaileak Sustatzeko elkartera bazkidetu da. Aurreko urtean abiatu zen Udalaren eta Oinherriren arteko elkarlana; Udalak urtean 1.000 euroko inbertsioa egiten du. Aurrerantzean eta Oinherritik horrela eskatuta bazkidetza formula erabiliko dute. Kostua ez da aldatzen Udalarendako.

Herri Eskolan indarrean den Ikastetxeklik programak ere jarraipena izango du. Udalbatzak aho batez onartu zuen atzo Ikastetxeklik Fundazioarekin Udalak duen hitzarmena berritzea.

Osoko bilkurako azken puntuak lau mozioren bueltakoak izan ziren; bina aurkeztu zituen alderdi politiko bakoitzak. EH Bilduk aurkeztutakoek egin zuten aurrera. Alderdi politiko bakoitzak bere mozioak babestu zituen, eta besteen kontrako botoa eman zuen.

Pentsioei buruzko bi mozio

 

EH Bilduk aurkeztutako mozioak egin zuen aurrera, eta ez zen adostasunik egon bi alderdi politikoen artean. Pentsioei lotutako mozioari dagokionean EAJko bozeramaile Iker Lakak azaldu zuen eskumen kontu bat dela, ez borondate kontu bat. "Eusko Jaurlaritzaren eskumena pobreziari aurre egitea da, ez pentsio sistema. Urteetan esfortzu handia egin da egoera zaurgarrienean dauden pentsionisten egoera hobetzeko, besteak beste diru sarrerak bermatzeko errentarekin eta gainontzeko beste laguntzekin. Gehiago egin daiteke ziurrenik, baina gure ustez hori da bidea. Eta noski, eskumena gureganatzeko beharra aldarrikatzen dugu".

Ibon Unzetabarrenetxea alkatearen hitzetan: "Egia da eskumena estatuarena dela, baina uste dugu Eusko Legebiltzarraren aldetik zerbait egin daitekeela. Esaterako, badago eskumena lege bat onartzeko, eta horrekin aukera egongo litzateke gaur egungo pentsioak konpentsatzeko. Errealitateak erakusten du bizi-kostuak handitu egin direla, eta pentsioak gaur egungo egoerara ekarri beharko lirateke. Gutxieneko soldata 1.080 eurora igo zen, eta uste dugu pentsioak ere bide beretik jo beharko luketela. Eskumena estatuarena da, baina uste dugu Eusko Legebiltzarrak gehiago egiteko aukerak badauzkala. Gure mozioak hori ere eskatzen du. Hori da bi mozioen arteko aldea eta horregatik eman dugu EAJren mozioaren kontrako botoa".

Zaintzari buruzko bi mozio

 

Antzerako egoera gertatu zen zaintzarekin lotutako bi mozioekin; EH Bildurenak egin zuen aurrera. Bozeramaile jeltzalearen iritziz helburuetan baino helburuetara heltzeko bidean daude alde handienak. "Zaintzarekiko helburuak, nire ustez, nahiko adostua dauzkagu. Beste gauza bat da nola heldu, eta hor dugu alde handiena. Guk azpimarratzen dugu, batez ere, izaera komunitario eta berdinzalea. Berdinzalea emakumeek –tartean emakume etorkinek– historian zehar izan duten karga hori konpontzeko, eta komunitarioa sinisten dugulako zaintza eredu batean non lidergo publiko argi bat egongo den baina sinisten dugu, baita ere, gizartearen indarrean eta gaitasunean, eta uste dugu lidergo publiko horren eskutik baina bideak irekitzeko beharrezkoak direla familiak eta hirugarren sektoreko eragile sozialak. Gipuzkoa, gaur egun, eredu da, eta hori ahalbidetu da langileen eta familien inplikazioarekin. Garrantzitsuak dira. Gaurko osoko bilkuran onartu ditugun hitzarmen batzuetan, esaterako, erabiltzen ditugu “lankidetza”, “elkarlanean oinarritutako gobernantza” eta antzerako berbak eta badirudi beste gauza batzuetan ez dagoela horrelako jarrerarik. Hori da gure aldarrikapena".

Bestelakoa da EH Bilduren iritzia. "Zaintza sistema publiko eta komunitario bat eraikitzeko bidean nahiko agerian gelditu da borondate politikorik ez dagoela. Ez dut uste EH Bilduk eta EAJk ikuspegi berdina dugunik. Gaur egun, prestazioen eta zerbitzu publikoen estaldura gutxitu egin da, eta horiek eskuratzeko oztopoak ez dira ezabatu. Pertsonen zaintzak ezin du negozio izan, eta uste dugu zaintzak behar bezalako finantzazio publikoa behar duela bestela ekimen pribatuei irekitzen dizkiegu ateak", esan zuen Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.

Elgetako udalbatzak urtarrileko osoko bilkurara atzeratu du 2024ko udal aurrekontuaren onarpena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak