Atzo, eguena, hartu zituzten Gabonetako oporrak Elgetako eskola-umeek. Bi aste pasatxoko atsedenaldia izango dute orain, besteak beste, Gabonetako ekintzez gozatzeko. Atzokoa, dena den, egun berezia izan zen; urteroko azoka egin zuten plazan eskolako ikasle nagusiek, eta Gabon kantuak abestera ere irten ziren. Musika, jolasak eta dantzak izan ziren nagusi ikastetxean goiz osoan. Bisita bereziak eta Gabonetako hamarretakoa ere izan zituzten.
Olentzero eta Mari Domingi bihar
Denek irrikaz itxaroten duten hitzordua, ordea, biharkoa da. Hutsik egin barik, urtero jaisten dira Intxortatik Olentzero eta Mari Domingi. Aurten ere ez dute kalerik egingo. Abisua eman dute ohiko moduan abenduaren 23an izango direla Elgetan.
18:30 alderako helduko dira, behin ilundutakoan. Asto eta guzti etorriko dira, eta Salbador kalearen goiko aldean elkartuko dira herriko neska-mutikoekin plazarainoko bidea elkarren konpainian egiteko. Adolfo Jainagaren trikiti eskolako ikasleak zain izango dituzte, gainerako neska-mutikoekin batera. "Badakigu Elgetako neska-mutiko gehien-gehienak zintzoak izan direla aurten ere. Kontu kontari arituko gara pixka bat, eta gozokiak banatuko dizkiegu. Inork gutunik idatzi badigu, haiek jasotzeko zaku handi bat ere eramango dugu", esan dute.
Gabon eskea
Biharamunean, hilak 24, Gabon eskean ateratzeko gonbidapena egin du Maala guraso elkarteak. Talde handia osatu nahi dute, eta, urtero moduan, herriko hainbat gunetan abestuko dute. Jakinarazi dute eskolatik abiatuko direla Gabon eskean. Goizeko hamaiketan elkartuko dira ikastetxe atarian.
Borondatea eskatuko dute etxez etxe egindako eskean, eta batutako dirua seigarren mailako neska-mutikoen ikas bidaia ordaintzeko izango da. Kantu erronda amaitutakoan, salda eta txorizo-pintxoak banatuko dituzte plazan parte-hartzaile guztiendako.
Azken asteotan lanpetuta ibili dira umeak zein nagusiak. Hainbat eskulan tailer antolatu dituzte auzolanean Gabonetako apaingarriak egiteko, eta herriko tabernetan eta dendetan banatu dituzte gehien-gehienak. Plaza ere apaindu dute.
Hamarretakoa Intxortan
Gabonetako egutegian bere lekua egin duen beste hitzorduetako bat Eguberri eguneko Intxortako igoera da. Kantsatzeke mendi taldeak antolatuta, nork bere aldetik egiten du igoera, eta parte-hartzaileek hamarretakoa egiteko txistor-jana aurkitzen dute tontorrean. Aurten ere 11:30ak alderako iragarri dute hamarretakoa mendi taldekoek. Ekintza horrekin emango diote amaiera 2023ko mendi irteeren egutegiari.
Bingo saioa
Gabonetako egitarauak hilaren 29an izango du jarraipena, barikua. Beheko kaleko jai batzordeak antolatuta, Gabonetako bingoa izango da Ozkarbi elkartean, 18:30ean. Bingoa egin aurretik, txokolate-jana ere izango da.
Beheko kaleko jai batzordeak iaz egin zuen Gabonetako lehen bingo saioa. Arrakastatsua izan zen, eta udaberrian beste bat egin zuten. Honako hau berezia izango dela esan dute; izan ere, hamar urte dira jai batzordea eratu zela. Ekaineko jaiak ere bereziak izatea nahi dute.
Gabonetako haur-parkea
Eta urtarrilerako Gabonetako haur-parkea iragarri du Udalak. Udal pilotalekuan ipiniko dute urtarrilaren 2an eta 3an, 16:00eta- tik 20:00etara. Askotariko puzgarriak, ohe-elastikoak eta jolasak izango dira.
Pilota txapelketa
Azken txanpan da herri mailako pilota txapelketa. Urri amaiera ezkero dago martxan eta aste bukaera honetan jokatuko dituzte finalerdiak. Hain zuzen ere, gaur, 18:00etan. Horrekin batera, gaur egingo dute parte-hartzaile guztiendako afaria, Intxorta elkartean.
Finalak, urtero moduan, Urtezahar egunean jokatuko dira. 10:30ean izango dute hasiera. Amaieran, sari banaketa egingo dute.