Makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenago irakatsi egin behar zaie. Hala, Euskaltzaleen Topaguneak, Librezale.eus ekimenak, Euskararen Erakunde Publikoak, Hiruko Itunak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Gaitu ekimena jarri dute martxan. "Milaka ahots behar ditugu, milaka grabazio ordu euskaraz", azaldu dute eta grabazio saioak egiten ari dira Euskal Herri osoan.
Elgetan eta Goibeko Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez gaur arratsaldean grabazioak egingo dira. "Ahots asko eta askotarikoak behar ditugu: adin tarte, genero eta mota guztietakoak. Eta zurea ere bai", azaldu dute bultzatzaileek. jakinarazi dute, dena den, emakume ahotsak falta direla bereziki eta dei berezia egin diete 16 urtetik gorako emakumeei. "Guztion artean sortzen ari garen ahotsen datu-basea, gero enpresa guztiek erabili ahal izango dute euskarazko tresna eta aplikazio berriak sortzeko, euskaldun guztion onurarako".
Grabazioak nork bere etxean egin ditzake. Hemen egin daiteke grabazioa. Plazan eta Goibekoko kideen laguntzarekin egin nahi dituztenek horretarako aukera izango dute gaur 16:00etatik aurrera.
Herri Eskolan ere ekintzak
Euskararen Egunaren bueltan antolatutako ekimena da Gaitu proiektuaren bueltako grabazioena. Elgetako Herri Eskolan ere aldarrikatuko dute Euskararen Nazioarteko Eguna. Gaur, barikua, hamaiketako berezia izango dute ikasle guztiek eta euskarazko pelikulak ikusiko dituzte hainbat ikasgelatan. Gainera, LHko ikasleek herri kirolak izango dituzte. Astelehenean, berriz, LH2ko ikasleek UEMAren Ispiluari begira dinamika egingo dute. Familiek ere parte har dezakete.