Babesgabe musika talde elgetarraren estreinako kontzertua, barikuan, Ozkarbi elkartean

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko aza. 14a, 08:37

Babesgabe taldeko kideak.

Herriko bost gaztek osatzen dute Babesgabe taldea, eta Ozkarbi elkarteko ekitaldien barruan egingo dute jendaurreko lehen kontzertua, barikuan, 20:00etan. Aurretik, azken Gaztea Cover lehiaketan ikus-entzuleen saria irabazitako Uxue Kerejeta arituko da.

Aner Garcia-gango Valdivielsok (ahotsa), Iker Gonzalez Sanchezek (baxua), Ander Sarasua Zeberiok (gitarra), Urko Lozano Etxanizek (gitarra) eta Arkaitz Errasti Astolak (bateria) osatzen dute Babesgabe taldea. Orain pare bat urte hasi ziren elkartzen. Lehenengo urratsak izan ziren; oraindik ere goiz zen kontzertuak ematen hasteko.

Orain sei bat hilabete, ordea, eta Ozkarbi elkartearen proposamena jaso ostean jendaurreko lehen emanaldia prestatzeko motibazioa eta grina areagotu egin ziren. Hala, barikuan dute lehen kontzertua. "Azken asteotan topera gabiltza. Kontzertua emateko gogoz gaude", azaldu dute.

Gehienbat euskal rock estiloan jarduten dutela azaldu dute. Rock, punk eta oi doinuak dituzte gustuko. "La polla, Ostiada Oi, Berri txarrak, Eskorbuto, Kaotiko eta horrelako taldeak dauzkagu erreferentetzat". Sorkuntza lanetan hasita badaude ere, oraingoz bertsioak egiten dituzte.

"Taldea zerotik hasi zen, hortik taldearen izena. Dirua biltzeko zozketa txartelak atera genituen, eta esan behar da Elgetako herriarengandik babes handia jaso dugula hasieratik. Txartelen salmentarekin ateratako diruarekin bateria, baxua, mahaia eta kableak erosi genituen. Herriaren laguntzarik, animorik eta ilusiorik gabe taldea aurrera ateratzea oso zaila izango zen".

Ozkarbi elkarteak 20:00etarako iragarri du Babesgabe taldearen kontzertua. Aurretik, 19:00etan hasita, azken Gaztea Cover lehiaketan ikus-entzuleen saria eskuratutako Uxue Kerejeta zumarragarra arituko da.

Bazkaria hilaren 25ean

Ozkarbi elkarteko zuzendaritza batzordetik gogorarazi dute aste bukaera honetan amaituko dela hilaren 25ean egitekoa den Ozkarbi Eguneko bazkarirako izena emateko epea. Aldi berean, aste bukaera honetan amaituko da Ozkarbiko Gabonetako loteria eskatzeko epea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak