Nolakoa izango da saioa?
40-50 bat minutuko ikuskizuna izango da. Ez dut ipuina bera kontatzen. Askotariko formatuak erabiltzen ditut gaia jorratzeko; kantuak, txotxongiloak, testuak... Gauzak diren bezala kontatzen ditut; umeek ulertzen duten hizkuntza erabiliz, baina ezer ezkutatu gabe. Eta bakoitzak bere bidaia egiten du.
Gai potoloa da.
Bai, eta gizarte honetan alboratuta daukagu. Txikitan, umeak pentsamendu magikoan daudenean, oso ohikoa da hiltzera jolastea. Bospasei bat urterekin konturatzen dira heriotza itzulezina dela, eta orduan hasten dira galderak egiten. Galdera horiek aukera bat dira heriotzari eta doluari buruz modu naturalean hitz egiteko. Eta hor dago zailtasuna.
Helduok ere ez dakigu nola jokatu.
Beldurrez gaudelako. Ipuina tresna bat izan daiteke. Bi QR ditu. Batean, umeekin lantzeko hausnarketak daude, eta bestean heriotza lantzeko dinamika proposamenak. Laguntza profesionala jaso dut dolu-prozesuari aurre egiteko, baina maisurik handienak semeak izan dira.