Andoni Mutiloa: "Ligatzeko aplikazioekin egoera surrealista asko sortzen dira"

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko urr. 26a, 09:30

Gero eta gehiago dira eta gero eta erabiltzaile gehiago dituzte. Ligatzeko aplikazioak gelditzeko etorri dira. Umoretik heldu dio gaiari Sex sua ikuskizuneko aktorea eta gidoilaria den Andoni Mutiloak. Elgetako Espaloia kafe antzokian izango da domekan, 18:30ean. Sarrera doan izango da.

Zer da Sex sua?

Formatu txikiko musikala da eta antzerkia, dantza eta musika nahasten ditu. Abiapuntua ligatzeko aplikazioak dira eta zehatzago esanda ligatzeko aplikazioak erabileraren ondorioz azken urteetan sortzen ari diren harreman kode berriak. Zergatik? Aktualitate handiko gaia da eta uste dut ez dugula oraindik gizarte moduan honen inguruan gehiegi hausnartu. Aplikazioen zurrunbiloan sartu gara, baina oso ondo jakin gabe nola funtzionatzen duten, zer nolako eragina duten gugan… Eta egiten dugu ahal duguna.

Esperientziatik ari zara?

Bai, bai. Nire esperientzia pertsonalak eta lagunenak izan ditut oinarri ikuskizuna prestatzerakoan eta ondorio nagusia da ez dela batere erraza edo xamurra aplikazio horien erabileraren ondorioz maila emozionalean sortzen diren horiek guztiak kudeatzea. Zurrunbilo nahiko eroa da. Aurrez aurreko harremanekin alderatuta beste kode batzuk daude, eta horiek ulertu eta ikasi egin behar dira.

Umoretik heldu diozu gaiari ,baina gogoeta eragiteko asmoarekin.

Gaia potoloa da eta hausnarketa sakona eskatzen duena nire ustez, baina umore ukitua eman diogu ikuskizunari. Ez nuen gauza dramatiko bat egin nahi. Nire helburua zen jendeak gogoeta egitea eta benetan uste dut umorea dela tresnarik eraginkorrena. Ikusita gainera ligatzeko aplikazioen ondorioz sortzen diren egoera asko zenbateraino diren surrealista, ba gure buruaz barre egiteko gaitasuna baliatu dugu. Dena den, nagusiki umoretik jo badugu ere ikuskizunak bihurgune asko ditu eta pasarte serioagoak ere baditu.

Esan moduan, abiapuntua ligatzeko aplikazioak dira baina hori baino askoz ere gauza gehiagori buruz hitz egiten dugu Sex sua ikuskizunean. Beste arlo batzuekin ere lotuta dago hori guztia; auto-irudia, gizartean oso errotuta dauden kanon estetikoak, sare sozialen erabilera, autoestimua… Genero dibertsitatea ere kontuan hartu dugu.

Zein da formatua?

Ordubete inguruko ikuskizuna da. Bakarrik nago oholtzan eta bi pertsonaia nagusi daude; Hiruki eta Imanol. Hiruki pertsonaia oso xelebrea da eta aditua da ligatzeko aplikazioetan eta horien erabileran trebatzeko gida bat atera du. Imanolek erabaki du gida hori erabiltzea, eta denetarik gertatuko zaio, noski.

Ligatzeko kontuetan, gainera, gauza bat da teoria eta beste bat praktika.

Zalantzarik gabe. Garrantzitsua da norberak jakitea zer den, zer sentitzen duen eta abar baina ezin dugu ukatu egoera askotan gauza bat dela buruak esaten diguna eta beste bat errealitatea edo praktika. Ligatzerakoan, gainera, atrakzio kontuak daude eta hor asko dago irrazionaletik. Horrek talkak eragiten ditu, eta hor sortzen dira egoera batzuk non egin nahi ez ditugun gauzak egitera edo onartzera heltzen garen. Gogoeta hori egiteko asmoz ere jarri genuen martxan Sex sua.

Orain urtebete estreinatu zenuten ikuskizuna. Zer nolako erreakzioak sortu ditu?

Sex sua martxan jartzeko Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteen babesa izan nuen eta Elgetako emanaldia, esaterako, Harrotasunaren Antzerkia programaren baitan sartzen da. Hogei bat emanaldi egin ditugu urte honetan, eta harrerarekin oso pozik gaude. Esan behar dut umore xelebrea dela, eta batez ere hasieran  ikusle batzuk apur bat lekuz kanpo gelditu daitezkeela –nahita eginda dago–. Baina berehala sartzen da mundu guztia kontakizunean. Ikusle batzuek esan izan didate ligatzeko aplikazioak erabiltzen dituztela eta identifikatuta sentitu direla pasarte askotan, beste batzuek ez dituztela erabiltzen baina konektatu egin dutela azaldutako egoerekin… Gehitu nahiko nuke berez helduendako ikuskizun moduan sortu genuela, baina ikusi dugu oso interesgarria dela nerabeei plazaratzeko eta horretan ari gara azkenaldian.  Nerabeei zuzendutako emanaldiak eskaintzen hasi gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak