Bi edukiontzi betetzeko beste zabor atera zuten zapatu goizean Aixola errekatik

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko urr. 25a, 10:52

Elgetan 35 bat lagunek hartu zuten parte errekak garbitzeko eskualde mailan egindako bigarren auzolan deialdian. 11:00etan elkartu ziren herriko plazan eta pare bat orduz aritu ziren Aixola erreka garbitzeko lanetan. Bi taldetan banatu ziren; urtegitik gora ekin zioten batzuek eta goitik behera aritu ziren beste batzuek.

Plastikoak jaso zituzten gehienbat, baina baita ere botilak, jostailuak, erruberak, hoditeri zatiak... Garbiketa lanak egitearekin batera ekimenak balio izan zuen erreken eta oro har ingurugiroaren inguruko sentsibilizazio eta kontzientziazio lana egiteko.

Elgetako Gazte Asanbladak, Kantsatzeke Mendi Taldeak eta Elgetako Udalak elkarlanean antolatutako ekintzan 35 bat lagun elkartu ziren auzolanerako. Poltsetan igo zituzten errekatik ateratako zaborrak eta bi edukiontzi bete zituzten. Luntxarekin eman zioten amaiera ekimenari.

Debagoiena mailan bigarrenez deitutako auzolan deialdi bateratuaren barruan kokatu behar da ekimena. Bailarako herri guztietan egin zen auzolana eta 600 bat lagunek hartu zuten parte.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak